Itxi

'En Jake'

Barkos: "Chivitek akordioari buruzko azalpenak eman behar dizkigu gobernukideei eta Nafarroa osoari"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Sozialistek UPNrekin duten akordioaren berri emateko betebeharra du. Zenbait puntu argitu dizkigute, baina ez digute Javier Esparzak aipatutako gaien inguruan txintik esan", adierazi du Geroa Baiko eledunak.

Geroa Baiko eledun Uxue Barkos. Artxiboko argazkia

Maria Chivite Nafarroako presidenteak azken orduan egindako adierazpenak izan ditu mintzagai Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek ETB2ko 'En Jake' saioan. Chivitek gaur bertan esan du bere alderdikideek jakin badakitela zein den PSOEk eta UPNk lan erreformaren inguruan hitzartutako akordioaren edukia.

PSN alderdiaren idazkari nagusi ere badenak argitu duenez, Estatuko konpetentziak ditu abiapuntu akordio horrek, eta nahiz eta horren edukia ezagutu, ez du negoziaketan parte hartu. "Beraz ez dagokit inongo azalpenik ematea", adierazi du, Barkosen harridurarako.

"PSNren betebeherra da sozialisten eta UPNren arteko itunaren nondik norakoak argitzea, eta Chivitek egin beharko luke, Nafarroako presidente den heinean. Gobernukideekin akordio horren zenbait puntu partekatu ditu, baina ez du Javier Esparzak aipatutako gaien inguruan txintik esan", azaldu du Geroa Baiko eledunak.

"Demokraziaren oinarrizko elementua da gardentasuna. Horrenbestez, PSNk publiko egin beharko luke akordioa", erantsi du.

Barkosek, halaber, UPNren barne gatazkak izan ditu hizpide, eta esan du ika-mika horrek ezin duela Nafarroako Gobernua apaldu. "Argi dago akordio bat dutela, baina Chivitek ez duela ezer esan nahi. Akordio horretan nafarren bizikidetzan eragina duten elementuak baldin badaude, horien berri eman beharra dauka", azpimarratu du.

Bukatzeko, nabarmendu du ekintzek erakutsi dutela UPN alderdiaren barruan jazotzen ari dena.

Albisteak (1)