Itxi

TORTURAREN AURKAKO EGUNA

Torturatuentzat "aitortza publikoa" eskatu dute Joxe Arregiren heriotzaren urteurrenean

XABIER URTEAGA | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Zizurkilen, Arregiren jaioterrian. Sortuk, berriz, Iratxe Sorzabalen kasua salatu du Irunen.

Joxe Arregiren heriotzaren 41. urteurrena, Zizurkilen. Argazkia: @ehbildu

Torturaren Aurkako Egunean, torturatuak izan diren pertsonentzat "aitortza publikoa" eskatu du Egiari Zor fundazioak Zizurkilen egindako ekitaldian. Joxe Arregi torturen ondorioz hil zeneko 41. urteurrena gogoratu dute bertan. Irunen, bestalde, Sortuk Iratxe Sorzabalen kasua ekarri du gogora.

Zizurkilen, Joxe Arregiren jaioterrian egindako ekitaldian, tortura "praktika sistematikoa" izan zela onartua dagoela esan du Mikel Egibar Egiari Zor fundazioko kideak, baina oraindik ere "egiteko bide luzea dagoela" salatu du. Torturen biltimak "duintzeko prozesuak" eskatu ditu, baita "aitortza ofiziala, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak" ere.

41 urte bete dira gaur Joxe Arregi Polizia Nazionalak egindako torturen ondorioz hil zela. ETAko kide izatea egotzita atxilotu zuten, eta bederatzi egun luze igaro zituen inkomunikatuta Estatuko Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan, Madrilen. Bere azken orduak baina, Carabancheleko espetxeko erietxean igaro zituen. Han hil zen. Ubeldurak eta erredurak zituen gorputzean. "Oso latza izan da", izan ziren hil aurretik kartzelan kide bati esan zizkion azken hitzak. Ordutik, Torturaren Aurkako Eguna da otsailaren 13a Euskal Herrian.

Torturen egileak "inolako zigorrik gabe" geratu izanak lehendik zuten "mina eta amorrua areagotu" diela esan izan du behin baino gehiagotan familiak.

Iratxe Sorzabalen inguruko ekitaldia Irunen

Irunen, bestalde, Euskal Herrian gutxienez 5.658 totura kasu izan direla nabarmendu eta Iratxe Sorzabalen epaiketa torturapean lortutako testigantzetan oinarritu dela salatu dute, Sortuk deitutako ekitaldian.

Irungo ekitaldia. Argazkia: Amaia Arostegi | EITB Media

Sorzabalen jaioterrian egindako ekitaldian, "bizikidetzan aurrera egiteko tortura izan dela onartzea ezinbestekoa" esan dute.

Aste honetan izan da Espainiako Auzitegi Nazionalean Iratxe Sorzabal ETAko buru izandakoaren kontrako epaiketa, 1996an Gijonen bi lehergailu jarri izana leporatuta. Sorzabalek akusazio guztiak ukatu ditu, eta epailearen aurrean salatu du "Guardia Zibilaren torturen infernutik ateratzeko" jo zuela bere burua errudun inkomunikazio aldian.

Atzo, manifestazioa egin zuten Bilbon, Sortuk deituta, "tortura independentismoaren aurkako praktika sistematikoa" izan dela salatzeko eta 1993an hil zen Xabier Kalparsororen irudia proiektatu zuten Indautxuko Espainiako Poliziaren komisaldegian.

Albisteak (3)