ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Urkullu: "Informazio kontrajarria eman da eta pedagogia gehiago egin behar genion gizarteari, denon artean"
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Horrela mintzatu da Euskadi Irratian, osasun larrialdia bertan behera geratu denetik lehendakariak eskaini duen lehen elkarrizketan. Hezkuntza legeari lotuta, berriz, mezua bidali dio PSE-EEri: "Eskola publikoari dagokionez, ez du PSEk zalantzarik izan behar zein den gure konpromisoa".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Koronabirusaren seigarren olatua behera egiten ari den honetan, Urkullu lehendakariak pandemiaren komunikazioaren inguruko autokritika egin du, eta onartu du denbora honetan hainbat informazio kontrajarri eman direla. "Pedagogia gehiago egin behar genion gizarteari, denon artean", esan du. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan hitz egin du, osasun larrialdia bertan behera geratu ostean eskaini duen lehen elkarrizketan. Covid-19aren zabalkundea geldiarazteko ezarritako neurri murriztaile gehienak bertan behera gelditu badira ere, pandemiak jarraitzen duela gogoratu du.
Urkulluren arabera, osasuna izan da lehentasuna hasieratik: "Ahalik eta bizitza gehien bermatzea eta ahalik eta hildako gutxien izatea". Ildo horretan adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan beste erkidego batzuetan baino pertsona gutxiago hil dira.
Osasunaren, ekonomiaren, hezkuntzaren eta kulturaren arteko oreka lortu nahi izan dela azaldu du, neurtutako neurriak ezarrita.
Aurrera begira, beste olatu bat etorriko balitz, baikor agertu da: "prest gaude eta eskarmentua badugu". Gainera, lehendakariaren esanetan, hemendik aurrera beste aukera batzuk izango dira susperraldi ekonomikorako eta aldaketei sendo aurre egiteko.
Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren Hezkuntza legeari dagokionez, hainbat kontu nabarmendu ditu. Urkulluren hitzetan, hezkuntza herri erronka da eta ondo finkatu behar dira bere oinarriak luzaroan iraun dezan. Bestetik, PSE-EEri zuzenduta, mezu argia bidali dio bazkide duen alderdiari: "Eskola publikoari dagokionez, ez du PSEk zalantzarik izan behar zein den gure konpromisoa". Azken egunetan Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esandakoaz harago, bi alderdien arteko akordioa posible izango dela uste du. Are gehiago, adostasun hori zabalagoa izango dela aurreikusi du.
Bazkide diren EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa izan arren, beste taldeen babesa bilatzen dutela aldarrikatu du. Datu bat ere eman du: legegintzaldi honetan Eusko Legebiltzarrean aurrera atera diren ekimenen ia erdiak beste talde batekin edo gehiagorekin adostu dira.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari (BGDS) buruz galdetuta, Iñigo Urkullu lehendakaria "itxaropentsu" azaldu da: "Badut itxaropena gaur gauzatuko dena, baina gaur ez bada, bigarren bilera batean izan beharko du, gehienez jota". Izan ere, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren transferentziari buruzko batzorde teknikoa berriro bilduko da gaur arratsaldean, transferentzia ahalbidetzeko zintzilik geratzen diren azken hari-muturrak lotzeko.
Euskadira lekualdatzeko gelditzen diren eskumenen inguruko keinu gehiago espero ditu lehendakariak Espainiako Gobernuaren aldetik La Palman egingo den presidenteen biltzarraren aurretik. Zehazki, hiru eskuduntzaren egutegia eguneratzea aipatu du.
Amaitzeko, testuingurua baliatuta, autogobernu eredua aldatu behar dela defendatu du.