Itxi

Krisia Alderdi Popularrean

Sanchezek ustelkeria izan ote den argitzeko eskatu dio PPri, eta hauteskundeak aurreratzea baztertu du

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Ayusoren aurkako txostenaren iturria Moncloa izatea ukatu du Espainiako Gobernuko presidenteak. "Iradokizun horiek ez dute ez bururik ez hankarik", kritikatu du Sanchezek.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Argazkia: EFE

Isabel Diaz Ayusoren Gobernu barruan edozein ustelkeria akusazio argitzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak PPri, eta unea hauteskundeak aurreratzeko baliatzea baztertu du.

Sanchezen hitzetan, Espainiako Gobernua "garrantzitsuenean lan egiteko dago, herritarren arazoak konpontzeko, gobernatu eta herriak behar duen egonkortasuna bermatu, legealdia agortzea" pandemia gainditzeko, hazkundea sendotzeko eta lanpostuak sortzeko.

EB-Afrika goi-bileraren emaitzen berri emateko prentsaurrekoa eman du gobernuburuak. PPren krisi larria hizpide izan du agintariak. Azken orduetan Pablo Casadoren eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen arteko tentsioa areagotu da, Ayusoren anaiak ustez komisioa kobratu duelako musukoen erosketan.

Sanchezek beste alderdi batzuen barne arazoetan ez du sartu izan nahi, baina tartean Moncloa nahastea kritikatu du. Horrela, Ayusoren aurkako txostenaren iturria Espainiako Gobernua izatea ukatu du Sanchezek. "Iradokizun horiek ez dute ez bururik ez hankarik, eta asmo txarrekoak dira" arreta desbideratu nahi dutelako, sozialistak azpimarratu duenez.

Exekutiboko buruzagiaren ahotan, PPn ikusten ari direna "ez da onerako eztabaida bat". Lehenbailehen "gaur egindako ustelkeria akusazioen gaineko edozein zalantza erabateko gardentasunez eta irmo" argitu behar dela esan du Sanchezek.

Espainiako Gobernuak Fiskaltzari ustezko irregulartasunak ikertzea eskatzeko aukeraz honakoa erantzun du Sanchezek: "oraintxe bertan ez dugu halakorik planteatu". Egun batzuk Bruselan "giltzapetuta" eman dituela gogorarazi du Sanchezek. Hala ere, Madrilgo Asanbladako talde politiko batzuek salaketa aurkeztu dute dagoeneko.