Itxi

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Eba Blanco: "Zuzendaritza berri hau legitimoki eta demokratikoki aukeratua izan da"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bigarren aldiz Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi hautatu duten honetan, asteburuko Nazio Biltzarrazz mintzatu da. Besteak beste, sektore kritikoari aurpegiratu dio alderdiaren organoetan irabazi ezin dutena hedabideetan eta auzitegietan irabazi nahi izatea.

Eba Blanco EAko idazkari nagusia, Radio Euskadin. Argazkia: Radio Euskadi

Eusko Alkartasunak (EA) Nazio Biltzarra egin eta biharamunean, zuzendaritza berriaren legitimotasuna aldarrikatu du Eba Blanco idazkari nagusi berrautatuak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Bozketan, 249 konpromisariotik 134ren babesa (% 54) jaso du Blancok.

Eba Blancoren esanetan, alderdia bera eta osatu den zuzendaritza berria, biak, indartuta atera dira, legitimoki eta demokratikoki aukeratu direlako. Halaber, Nazio Biltzarrean parte hartu nahi izan duen orok parte hartu duela azpimarratu du: "Parte hartu ez duenak nahi izan ez duelako izan da".

Gertatu den honetan guztian gehien samindu duena kritikoen "ikuskizun lotsagarria" izan dela nabarmendu du, eta porrota ez onartzea aurpegiratu die: "Sektore kritikoak hedabideetan eta auzitegietan irabazi nahi zuen alderdiko organoetan irabazi ezin zuena".

Carlos Garaikoetxea lehendakari eta EAren sortzaile izan zena kritikoekin lerratu da. Haren zorion mezurik ez duela jaso esan ostean, kongresu batean porrota jasotzen duen hirugarren aldia dela eta emozionalki gaizki sentituko dela uste du egungo idazkari nagusiak.

Bestalde, EAk EH Bildun izan behar duen parte-hartzeari buruzko eztabaida itxitzat eman du Eba Blancok: "EH Bildu indartsuagoa eta zabalagoa egin nahi dugu, gobernuaren alternatiba izan nahi dugulako eta izango garelako".

Albisteak (2)