Krisia Alderdi Popularrean
Casado Alderdi Popularreko baroiekin bilduko da bihar
Agentziak | EITB Media
Galiziako Xuntako presidentea, Andaluziako eta Gaztela eta Leongo presidenteak eta Isabel Díaz Ayuso Madrilgo presidentea deitu ditu asteazken honetan egingo duen bilerara.
Pablo Casado PPko presidentea bihar bilduko da alderdiko baroiekin, PPren gerra irekiaren erdian eta Batzorde Autonomikoa deitu ondoren. Batzorde hori alderdiko presidente autonomikoek, erkidego eta hiri autonomoetako PPko presidenteek eta idazkari nagusiak osatzen dute.
Deialdi hori, zuzendaritza nazionaleko iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, atzo popularren presidenteak datorren astean Zuzendaritza Batzorde Nazionala deitzea erabaki ondoren egin du.
Casadok urrats hori eman zuen, kongresua deitu aurretik, alderdiko kupulak behartuta. Buruzagi gehienak (Pablo Montesinos, Antonio Gonzalez Terol, Ana Beltran eta Teodoro Garcia Egea izan ezik) ezohiko kongresu bat deitzearen alde agertu ziren, eta, deialdia egin ezean, dimititzeko mehatxua egin zuten horietako batzuek, bileran zeuden zenbait iturrik Eferi jakinarazi diotenez.
Datorren asteko Zuzendaritza Batzorde Nazionalaren deialdiarekin, Casadok irekitako krisiari irtenbidea bilatzea du helburu, eta kongresu bat deitzea eskatu diotenen eta Isabel Díaz Ayuso Madrilgo presidentearen milaka jarraitzaileen presioei aurre egiten saiatu da.
Ehunka kidez osatutako organo horren bi heren behar dira 30 edo 45 egunetan egin litekeen ezohiko kongresu bat deitzera behartzeko, eta litekeena da apirilean egitea.