Krisia PP-n
Noiz eman behar du dimisioa politikari batek?
Eider Garaikoetxea O | EITB Media
Jule Goikoetxea politologoak argi du Pablo Casadok dimititu beste aukerarik ez duela. "Partida galdu du, eta beste aldea, Diaz Ayusorena, ez da oso zaurituta atera", arrazoitu du. Buruzagiek gehiago dimititu beharko luketela uste du, kultura politikoa falta dela zentzu horretan.
Ataka estuan, aukera askorik gabe. Halaxe ikusten du Jule Goikoetxea (Donostia, 1981) politologo, filosofo eta EHUko irakasleak Pablo Casado PPko presidentea. "Dimisioa ematea da egokiena", nabarmendu du, ez hainbeste egin duenagatik, baizik eta "berak nahi zuena ondo atera ez delako". Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak ere berdin egin beharko lukeela iritzi dio, kasu honetan, "dimentsio etiko-politikoan eta seguraski, dimentsio legalean ere arrazoi ezberdinak daudelako". Dena dela, Espainiako politikagintzaren testuingurua kontuan hartuta, halakorik gertatuko ez delakoan dago aditua. "Printzipio etiko-politikoen egiturazko falta bat daukagu hemen, exijentzia oso eskasa da (...) baina hori ez dago alderdien eta politikarien esku bakarrik, denon kontua da", azpimarratu du.
Noiz dimititu behar du politikari edo kargudun publiko batek?
Aldetik batetik, legezkoa ez den zerbait egiten duenean. Normalean, kasu horretan kanporatua izaten da, baina dimisioa ere emateko tartea badago, dimisioa eleganteago delako. Baina gero badaude kasu asko etikoki edo politikoki egokia ez den zerbait egiten denean, ulertzen da politikari batek dimisioa eman behar duela. Baina bigarren kasu honetan herrialde bakoitzaren kultura politikoa sartzen da. Gainera, kontuan hartu behar da herri honetan alderdi askok eta militante askok, eta ez bakarrik PPkoak, ikusi dutela euren burua ustelkeria kasuetan nahastuta, ustelkeria hain dago zabaldua ezen normalean gehiengoak ez duen dimisioa ematen (berriro ere ustelkeria dimentsio politiko-etikoan ulertuta).
Pablo Casadori dagokionez, une horretan al dago?
Bai, eta bere alderdiko gehienek, behintzat hitz egin dutenek, hala uste dute. Ez horrenbeste Egeak eta Casadok egin dutenagatik, baizik eta euren plana ondo atera ez delako. Horregatik euren alderdiko kide eta herritar batzuek eskatu dute dimisioa. Beraz, dimisioa ematea da egokiena.
Atzera bueltarik badu egoerak?
Nik uste dut Casadorentzat eta Egearentzat egoerak ez duela atzera bueltarik, baina politikaren munduan dena ezin da aurreikusi, eta beti da posible… Baina ez, printzipioz ez. Batez ere beste aldea, indartuta ez dakit, baina behintzat oso zaurituta ez delako atera, eta zentzu horretan, partida galdu dutenez, badirudi bueltarik ez duela.
Dimisiorik ematen ez badu, zeintzuk dira aukerak?
Aukera ezberdinak daude, politikan aukerak estrategien arabera eta aliantzen arabera egiten direlako. Beraz, lor ditzakeen aliantzen arabera, egin dezaketena da PP alderdian zatiketa bat edo eszisio bat eragin. Aliantza berri edo berrituekin zatiketa hori bultzatzea izan daiteke aukeretako bat, eta zatitu den alderdi horren lidertza eramaten saiatzea, baina nik, momentu honetan, ez dut espazio gehiegirik ikusten horretarako.
Diaz Ayusok dimisioa eman beharko luke?
Noski, Diaz Ayusok dimititu beharko luke beste politikari askok bezala, dimentsio etiko-politikoan eta seguraski, dimentsio legalean ere arrazoi ezberdinak daudelako. Alegia, ustelkeria mota ezberdinak eraman dituelako aurrera. Dena den, kasu askotan ez da ilegala egin duena, gure sistema politikoak onartzen dituelako erlazio klientelistak, politikan klientelismoa erabiltzea ustelkeriatzat jo daitekeen arren. Zuzenbide alorretik egindakoa legala denez, Diaz Ayusok eta beste politikari batzuek ez dute zertan dimisioa eman behar, baina dimentsio etiko-politiko batetik ari bagara, Diaz Ayusok dimititu beharko luke. Baina momentu honetan gehiengoak ez du eskatzen, eta politikoki berarentzat ez da egokia dimisioa ematea.
Gure inguruan, Euskal Herrian, Espainian edo Frantzian, oso gutxitan ematen dute politikariek pauso hori. Sarriago dimititu beharko lukete?
Bai, nik uste dut baietz. Arazo nabarmena daukagu kultura politikoarekin, printzipio etiko-politikoen egiturazko falta bat dugu, oro har. Eta hori ez dago alderdien edo politikarien esku bakarrik. Dimisioen kultura, alegia, etiko-politikoki ondo jokatu ez duen politikari baten dimisioa emateko eta normalizatzeko herritargo zehatz bat eta hedabide zehatz batzuk eduki behar dituzu, eta zer gertatzen da? Bada, esan moduan, Espainian, Frantzian eta Euskal Herrian daukagun kultura politikoa oso eskasa dela honi dagokionez. Alegia, hedabideek exijitzen dietena politikariei: gardentasunari dagokionez, ardurei dagokienez… oso eskasa da eta, beraz, herritarrak ere berdin. Birsortzen da halako apatia bat kontuak eskatzeari dagokionez, eta malgutasun handia dago gauza horiekiko. Horregatik, herritarrak askotan ez dira sentitzen oso irainduak horrelako gauzak gertatu eta dimisiorik ez dagoenean.
Zer egin beharko genuke? Kultura politikoaren maila igo, hedabideek euren exijentzia maila asko igo eta kontuak eskatzearena gauza normal bat bilakatu. Gobernuetako sail guztiek astero eman beharko lituzkete azalpenak, eta herritarrek kontuak eskatu.