Gerra Ukrainan
Sanchezek Errusiaren ekintza militar "onartezinak" gaitzetsi ditu
Agentziak | EiTB Media
Nazioarteko legedia urratzea leporatu dio Espainiako gobernuburuak Putini. Aldi berean, gatazkak Espainian eta EB osoan ondorio ekonomikoak izango dituela onartu du, batez ere arlo energetikoan.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Errusiaren ekintza militar "onartezinak" gaitzetsi ditu. Ukrainan nazioarteko legedia urratzea leporatu dio Sanchezek Valdimir Putinen Exekutiboari. Aldi berean, gatazkak Espainian eta Europar Batasun osoan ondorio ekonomikoak izango dituela onartu du, batez ere arlo energetikoan.
Moncloa jauregian egindako agerraldian, "inbasioa" eta Ukrainako subiranotasun nazional eta lurralde osotasunaren "urraketa goria" gelditzea eskatu dio Sanchezek Putini.
"Espainiak nazioarteko legedia defendatuko du, bakea berrezartzeko eginahalak egingo ditu, eta gatazkak astindutako herriei elkartasuna azalduko die", bermatu du.
Gainera, "zalantza barik", gatazkak Espainiako eta Europako ekonomian eragina izango duela aurreratu du. Hala ere, Sanchezen hitzetan, EBk denbora eman du, "ondorio ekonomikoak eta energetikoak arintzeko neurriak" hartzeko prestatzen.
Erasoari berehala amaiera emateko eskatu dio Espainiako agintariak Putini, baita Luhansken eta Donetsken independentzia aitorpena atzera botatzea ere. Era berean, Minskeko akordioen sinatzaile bezala konpromisoak betetzea eta Normandiako formatura itzultzea eskatu dio.
Sanchezen ahotan, gertakariak "oso larriak eta oso sinpleak dira aldi berean". "Potentzia nuklear batek nazioarteko legedia urratu eta aldameneko herrialde baten inbasioa abiatu du, aldi berean erasotua izan den estatuari laguntzen dion edozein naziori errepresaliekin mehatxatuz", azpimarratu du.
Azkenik, oposizioko buruzagiari egoera azaldu diola adierazi du Sanchezek. Datorren asteazkenean Diputatuen Kongresuan agerraldia egingo du, gertakarien berri emateko.