Itxi

Elkarrizketa ETBn

Urkullu: 'Erregea ematen ari den irudia erabat kritikagarria da'

Erredakzioa

EAJko presidenteak monarkia instituzio "anakronikoa" dela esan du eta Estatuko buruzagitzarako "beste eredu bat" eskatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu EAJk presidenteak uste du Juan Carlos I.ena erregea krisi garai honetan ematen ari den irudia "erabat kritikagarria" dela.

ETBn egindako elkarrizketa batean, Urkulluk esan du albiste honek "harridura" eragin diola eta oso larritzat jo du erregeak "Gorteen kontrolik izango ez balu bezala jardutea".

Monarkia instituzio "anakronikoa" dela adierazi du eta Estatuko buruzagitzak "beste eredu bat" behar duela defendatu du.

"Krisi ekonomiko garai honetan, eta Gabonetako diskurtsoan egoera honi aurre egiteko mundu guztiari erantzukizuna eskatu ostean, erabat kritikagarria da erregea ematen ari den irudia", nabarmendu du.

Iñigo Cabacasen heriotza eta Irungo Ogasuneko ustezko iruzurra

Bestalde, Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruko xehetasun "guztiak" argitzeko eta ikerketan "azkeneraino" heltzeko eskatu du Iñigo Urkulluk.

Era berean, deitoratu egin du Ertzaintzari "oinarririk gabe" egindako kritikak eta, kasu batzuetan, "kritika alderdikoiak" izan direla salatu du.

Horrez gain, Irungo Ogasunean ustez izandako iruzurraren harira gaur Gipuzkoako Lurralde Auzitegian hasitako epaiketan ere dena argitzea galdegin du.

Kasu honi dagokionez, EAJ "lasai" dagoela esan du, izan ere, "agerian geratu baita EAJren jarduerak ez duela inolako zerikusirik gai honekin".

Elkarbizitzarako foroa

Elkarbizitzarako eta bakerako foroari dagokionez, Urkulluk esan du Alderdi Popularrak eta PSEk argitu egin behar dutela batzorde horren presidentea izendatzeko "ezkutuko akordio bat" duten ala ez.

"Gisa honetako lantalde baten presidentzia PPren esku egotea jokoz kanpo dago, batzordea eratzea ahalbidetu duen zuzenketa bera ere ez zuelako babestu", kritikatu du.






Bideoak (1)