Itxi

Sarraskiaren 46. urtemuga

Ehundaka pertsona atera dira Gasteizen, martxoaren 3an gertatutakoagatik "inpunitatearen" amaiera eskatzeko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bost langileren heriotza eragin zuen karga polizialean kaltetutakoen elkarteak biktimek jasan duten "ahanzturarekin" amaitzeko eskatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Manifestazio batek Gasteizko kaleak bete ditu ostegun honetan, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimak gogoratzeko. Bost pertsona hil eta ehun baino gehiago zauritu zituzten orduan Arabako hiriburuan, Polizia Armatuak manifestariei tiro egin baitzien lan-protesta batean zehar.

Ehundaka pertsona izan dira martxan, eta egunean zehar ere askotariko omenaldi eta ekitaldiak bultzatu dituzte erakundeek, sindikatuek eta alderdi politikoek, sarraskian kaltetutakoen omenez. Gaur arte, inor ez da zigortua izan orduan gertatutakoagatik.

Manifestazioa hasi aurretik izandako ekitaldi batean, aldarrikapena irakurri du martxoaren 3ko biktimen elkarteak. Sarraskiaren egileen "inpunitatearekin" eta biktimek jasan duten "ahanzturarekin" amaitzeko eskatu dute.

Hala, Rodolfo Martin Villa ministro ohia epaitzeko eskatu dute, 1976ko martxoaren 3an Arabako hiriburuan gertatutakoagatik.

Gainera, elkarteak kritikatu egin ditu euren aburuz Eusko Jaurlaritzaren Justizia Saila sarraskiaren biktimen oroimenerako zentroaren sorreraren inguruan egiten ari den "intoxikazioak" eta "nahasmenaren zeremonia".

Zentzu horretan, uko egin diote zentroa "biktimen eta gizarte zibilaren parte-hartzerik gabe" diseinatu eta martxan jartzeari.

Oroimenerako ekitaldia amaituta, manifestazioa Zaramaga auzotik abiatu da, San Frantzisko eliza parean. Hain zuzen, eliza horren barruan gertatu zen 1976ko sarraskia, Polizia Armatuak langile asanblada egiten ari ziren pertsonen aurka tiro egin zuenean. Bertatik hasita, martxak ibilbidea egin du Arabako hiriburuko zenbait kaletatik, hirigunerantz.

Gasteizko lantegi nagusietan lan egiten zuten beharginei ezarritako lan-baldintza prekarioak salatzeko egin zituzten langile mobilizazio ugarien testuinguruan izan ziren gertakariak.

Aurreko urteetan bezala, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak antolatu du martxa, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuekin batera.

Sarraskiaren 46. urteurrena

1976ko martxoaren 3an Poliziaren tiroz hildako bost langileen oroigarri Gasteizen paratutako monolitoa sarraskia gogora ekartzeko agertokia da goizean goizetik. Erakundeetako, alderdietako eta sindikatuetako ordezkariek loreak utzi dituzte, biktimen omenez eta justizia aldarrkatuz.

Sarraskiaren 46. urtemuga da gaurkoa, eta urtero legez, omenaldiz eta ekitaldiz josita dator eguna. Halako egun batez, Zaramagako elizan bilera egiten ari ziren langileak indarrez aterarazi zituen Poliziak. Bost behargin hil zituzten, eta ehunka zauritu.

Lore-eskaintza egiten aurrenekoa izan da Cristina Gonzalez PSE-EEko Arabako burua, eta atzetik joan zaio Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua. Handik pasatu dira, halaber, Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusia edota Ezker Anitzeko zein LAB sindikatuko kideak ere.

Mendiaren hitzetan, "ohorea" da urtero-urtero biktimak omentzea eta azpimarratu du buru duen Sailak "enplegua egonkorra eta kalitatezkoa" izateko lan egiten duela. Era berean, terrorismoaren zein Poliziaren gehiegikerien biktimen "aitortza, babesa eta memoria" bermatzeko Jaurlaritzak emandako "pauso garrantzitsuak" nabarmendu ditu.

Jaurlaritzaren izenean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua joan da. EAJren ordezkariak ere espero dira: hala nola, Jose Antonio Suso ABBko presidentea, Gorka Urtaran hiriburuko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea.

Bere aldetik, Roberto Uriarte Bizkaiko Unidas Podemosen diputatuak "egia, justizia eta erreparazioa" eskatu ditu biktimentzat.

EH Bilduk ekitaldi politikoa du deituta, eta Arnaldo Otegik adierazpenak egingo ditu.

Hain justu, koalizio abertzaleak proposatuta, gaia Eusko Legebiltzarrera heldu da, baita onartu ere. Ganberak Rodolfo Martin Villa Francoren ministroaren ardurapean gerta zitezkeen Frankismo garaiko krimenak ikertzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari eta justiziari, eta bide batez, ministro ohiak egindako adierazpenak gaitzetsi ditu.

Arratsaldean, manifestazioa deitu dute Gasteizko kaleetan barrena ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek.

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)