Nafar Buru Batzar
Nafarroako EAJk dio nafarrei dagokiela "estatus politikoa erabakitzea"
agentziak | eitb media
Unai Hualdek, alderdiaren Foru Erkidegoko presidenteak, gaineratu du "beti" entzuten eta errespetatzen dituztela "gehiengo demokratikoak".
Unai Hualde EAJren Nafarroako presidenteak azpimarratu du Nafarroako herritarrak izan behar direla "estatus politikoa eta gainerako euskal foru lurraldeekin duten harremana zehaztu behar dutenak".
Hueladek horixe adierazi du EAJren entzuketa prozesuaren baitan Iruñean egin duten jardunaldiaren aurretik, Andoni Ortuzar EBBren burua aldamenean zuela.
Aurten Amejoramenduaren 40. urteurrena dela gogorarazi ostean, Hualdek Nafarroaren "autogobernua defendatzearen garrantzia" azpimarratu du.
Horren harira, azaldu du EAJk "beti" sinetsi izan duela Nafarroako "gizon-emakumeetan, euren autogobernuan eta nafarrak izan behar direla estatus politikoa eta gainerako euskal foru lurraldeekin duten harremana zehaztu behar dutenak, hitza eta erabakia errespetatuz".
Horregatik, gaineratu du EAJk "beti" entzuten eta errespetatzen dituela "gehiengo demokratikoak".
EAJren presidenteak beste militante eta kargudun publiko batzuekin batera parte hartu du alderdiak abiatutako entzuketa prozesuan. Izan ere, bertan ziren, Ortuzarrez eta Hualdez gain, Mikel Irujo kontseilaria eta Maria Solana eta Blanca Regulez Geroa Bairen parlamentariak, besteak beste.