Itxi

Espainiako monarkia

Errege emerituak bere jarduerak argitu behar dituela uste du Pedro Sanchezek

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako gobernuburuak ez du, ordea, Juan Carlos I.aren balizko buelta baten inguruan iritzirik eman nahi izan.

Sanchez, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen ustez, Juan Carlos I.a errege emerituak bere jarduera ekonomikoen nondik norakoak argitu beharko lituzke, eta azalpenak eman Espainiako herritarrei. Errege emerituaren kontrako ikerketa artxibatu ostean, Felipe VI.ari bidalitako gutunaz hitz egin du, horrenbestez, Sanchezek. Agirian, bere "bizitza pribatuan iraganean gertaturikoak zintzo" deitoratzen zuela aitortu du Juan Carlos I.ak, eta Espainiara bueltatzeko aukera zabalik utzi.

Letoniara bidean, kazetariekin izandako hizketaldi informal batean egin ditu adierazpenak Sanchezek. Argitu du publiko egin baino lehen izan zuela Juan Carlos I.aren gutunaren berri, edukia ezagutu ez bazuen ere.

Sanchezen hitzetan, Fiskaltzaren ikerketak agerian utzi dituen errege emerituaren jarduerak "etsigarriak" dira, eta Juan Carlos I.ak Espainiako herritarrei azalpena zor diela nabarmendu du.

Espainiara itzultzeko aukeraz, Sanchezek ez du iritzirik eman nahi izan, eta Felipe VI.ak eta Juan Carlos I.ak adostu beharreko zerbait dela esatera mugatu da.

Albisteak (3)