KRISIA PP-N
Alberto Nuñez Feijook 55.000 abal aurkeztu ditu PPko presidentegai izateko
AGENTZIAK | EITB Media
Alderdia gidatzeko hautagai batek inoiz aurkeztu duen babes kopururik handiena da. Nuñez Feijook adierazi duenez, herritarrei entzun nahi die eta alternatiba sendo eta sinesgarria eskaini.
Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidenteak PPko hurrengo presidentea izan nahi du eta bart 55.000 abal baino gehiago aurkeztu ditu alderdiak Madrilgo Genova kalean duen egoitza nagusian. Alderdia gidatzeko hautagai batek inoiz aurkeztu duen babes kopururik handiena da hori. 2018ko ekainean, PPren lehen hauteskunde primarioetan, Pablo Casado hautagaiak 5.000 abal baino gehiago erregistratu zituen eta Maria Dolores Cospedalek, garai hartan PPren idazkari nagusi zenak, 3.200 abal inguru.
Atzo kazetarien aurrean egin zuen agerraldian adierazi zuenez, herritarrei entzun nahi die eta alternatiba sendo, moderatu eta sinesgarria eskaini.
Azken urteetan, baina bereziki azken boladan, politikarekiko aldentze bat hautematen du Nuñez Feijook, banaketarako joera eta egun agintean dagoen gobernuarekiko etsipena. Horren aurrean, "erantzun eta estilo berriak ekarriko dituen politika berri bat" defendatu du.
Nuñez Feijook ez ezik, 120 abal inguru aurkeztu dituela iragarri du Alexia Herranz Valentziako militanteak. Hautagaitza onartzeko 100 behar dira.
Gauzak horrela, PPren Kongresua antolatzeko ardura duen Hauteskunde Batzordeak gaur iragarriko ditu PPren presidentegai izateko onartu diren hautagaitzak.