Itxi

Protestak

Milaka manifestarik protesta egin dute Korsikan, koman geratu den FLNCko preso baten aurkako erasoa salatzeko

Agentziak | Eitb Media

Leer en Castellano

Yvan Colonna preso korsikarrari preso islamista batek eraso egin zion joan den astean Arlesko espetxean. Manifestariek Frantziako Gobernuaren espetxe-politikari egotzi diote errua.

Manifestazioa Yvan Colonnaren alde, gaur arratsaldean Bastian. Bideo batetik hartutako irudia.

Milaka lagun 10.000k deitzaileen arabera eta 7.000k poliziaren arabera, bildu dira igande honetan Bastian, Korsikan, Yvan Colonna preso korsikarrak Arlesko espetxean duela astebete jasandako eraso bortitzagatik protesta egiteko sindikatuek, alderdi nazionalista korsikarrek eta Bastiako ikasle mugimenduak deitutako manifestazioan.  Colonnak 61 urte ditu eta koman dago ordutik.

Erasoak oihartzun handia izan du Korsikan, eta azken astean ugaritu egin dira erasoa salatzeko manifestazioak eta protestak. "Preso politikoen eskubideak" defendatzea, presoak Korsikako kartzeletara hurbiltzea eta Frantziako Gobernuari beste espetxe politika bat eskatzea dituzte xede protesta horiek.

Frantziako Terrorismoaren Aurkako Fiskaltza Nazionalak, bestalde, Colonnaren aurkako eraso bat atentatu gisa ikertzea erabaki du, zehazki Franck Elong Abe, 2012an AEBetako indarrek Afganistanen atxilotutako 36 urteko jihadista, hura itotzen saiatu zenekoa.

Erasotzaileak ikertzaileei azaldu zienez, Colonnak "birao bat bota zuen Mahoma profetaren aurka". Espetxeko gimnasiokoan harrapatu zuen, eta han jo egin zuen eta itotzen saiatu.

61 urteko biktima koman dago ospitalean, hil ala biziko egoeran. Colonnari biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2007an, Claude Erignac Korsikako prefeta 1998an hiltzeagatik.

Istiluak Bastian

Arratsaldeko manifestazioaren ostean, manifestariek segurtasun indarrei aurre egin diete Bastian, objektuak, etxeko bonbak eta molotov koktelak jaurtita; ez dirudi, hala ere, inor zauritu denik. Segurtasun-indarrek gas negar-eragileekin erantzun dute.

Poliziak Bastiako prefekturaren egoitzaren aurrean esku hartu ondoren, manifestariak inguruko kaleetan sakabanatu dira.