Korsika
Macronek Yvan Colonnaren heriotzari buruz: "Gizon bat hil da eta egoera larria dela uste dut"
Agentziak | EITB Media
"Ondorioak aterako ditugu", aurreratu du Frantziako presidenteak, kartzelan ez litzatekeelako horrelakorik gertatu behar. Eliseoko bozeramaile Gabriel Attalen iritzian, "hanka-sartze oso larria izan zen".
Yvan Colonnaren heriotzaren ostean "lasaitasuna" eta "erantzukizuna" eskatu ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak France Bleun. "Gizon bat hil da eta egoera larria dela uste dut", erantsi du agintariak. "Ondorioak aterako ditugu", aurreratu du buruzagiak, kartzelan horrelakorik berriro ez gertatzeko.
1998an Korsikako prefeta hiltzea egotzita biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten Colonnari. Zigorra eten zioten "osasun arrazoiak" argudiatuta, baina astelehenean hil zen, martxoaren 2tik koman egon ondoren. Arleseko kartzelan beste preso bat Colonna itotzen saiatu zen.
Erasoak protestak piztu zituen Korsikan, eta dozenaka zauritu izan ziren. Colonnaren heriotza baieztatu ondoren, mobilizazioak deitu dituzte uharteko toki ezberdinetan, baina bertako komunikabideek jakitera eman dutenez, lasaitasuna nagusi izan da orain arte protestetan.
Arleseko espetxean gertatutakoa ikertuko dela agindu du Gabriel Attal Frantziako Exekutiboaren bozeramaileak Europe 1 irratian. Are gehiago, "hanka-sartze oso larria izan zen", esan du Attalek. Zentzu horretan, ikerketak (politikoa zein judiziala) martxan direla azpimarratu du.
Macron Korsikako autonomia negoziatzeko prest agertu da azken egunetan. Attalen hitzetan, ez da berria, elkarrizketak agintaldiaren hasieran abiatu zirelako. "2017an, Emmanuel Macronek autonomiaren gaiari heldu zion", adierazi du bozeramaileak. Hala ere, elkarrizketak orain "areagotu" egin direla onartu du Attalek.
Elkarrizketaren bidea zabalik izatearen alde agertu da presidentea, "korsikarrek hobeto bizitzeko".
Zigorra kontinenteko kartzela batean bete beharrean uharteko espetxe batean bete izan balu, Colonnaren heriotza saihestuko litzakeela ziurtatu du independentismoak.
Zentzu horretan, Jean Castex lehen ministroak ohar batean iragarri duenez, Alain Ferrandi eta Pierre Alessandri preso korsikarrek zigorra uhartean beteko dute. Castexek adierazi du apirilaren erdialdera hurbilduko dituztela.
"Korsikak eta Euskal Herriak bizi dituzten gatazkei konponbide demokratikoa" emateko eskatu du Sortuk
"Preso politikoen askatasuna eragozteko jarrerari eustea" leporatu dio Sortuk Frantziako Estatuari, eta "Korsikak eta Euskal Herriak bizi dituzten gatazkei konponbide demokratikoa" ematea eskatu du.
Yvan Colonna preso politiko korsikarra hil da, beste preso batek eraso egin ondoren. Doluminak senideei, lagunei zein Korsikako nazio askapen mugimenduari.
— SORTU Independentziarako #Indarra (@sortuEH) March 22, 2022
Heriotza hau ekidin zitekeen. Estatu frantsesaren espetxe politikak hil egiten du.https://t.co/rYfbaqtyYg pic.twitter.com/2plvx82u9j
Bestalde, EH Baik manifestazioa deitu du larunbaterako Baionan (Lapurdi), 15:00etan. Protesta hiriburuko San Andres plazatik abiatuko da.
¿Agur eta ohore Yvan ¿
— EH Bai (@EHBai) March 22, 2022
EHBaik, manifestazio batetara deitzen du larunbat honetan ¿ https://t.co/SW4ttnSzEr
¿Baiona - San Andres plaza
¿ 15:00
¿ Konponbiderako garaia da, résolution politique maintenant! pic.twitter.com/G8Er98CSqz