Memoria historikoa
Ernaik Barakaldoko gurutze frankista bota du
EITB MEDIA
Ezker abertzalearen gazte erakundeak azpimarratu du Bizkaian jada ez dela geratzen "monumentu frankista publikorik".
Ernaik Cabo Quilates itsasontziaren gurutzea bota du Barakaldon eta ekintza horren ondotik Bizkaian "monumentu frankista publikorik" geratzen ez dela azpimarratu du.
"Erakundeen pasibotasunaren aurrean", ezker abertzalearen gazte erakundeak eremu publikoetatik ikur frankistak kentzeko kanpaina bat abiatu zuen duela urte batzuk eta bart egindako ekintzarekin, Bizkaiko kaleetan ikur frankistarik ez dagoela adierazi dute.
Agiri batean, Ernaik ohartarazi du "faxismoa indartzen eta Espainiako 1978ko erregimena inpunitate osoz jarduten ari den garai honetan" ezinbestekoa dela "espresio faxista guztiak" salatzea.
Gauzak horrela, "memoria justu eta demokratiko" baten alde eta "faxismoak herri honetan eragindako mina" argitara ateratzeko lanean segituko duela agindu du.
Bestalde, Barakaldoko Udalak Ernairen ekintza gaitzetsi du eta gogora ekarri du ikur frankista hori kentzea eta toki hartan gertatukoa kontatzeko panel batzuk jartzea erabaki zutela 2020ko amaieran. Hala ere, erabakia ez zen gauzatu.
¿¿¿ Espainiar faxismoaren indartzea bizi dugun garaiotan, ezinbestekoa da borroka antifaxista.
— Ernai Ezkerraldea (@ernaiezker) March 22, 2022
Faxismoari aurre egin, gazte antolakuntza eta borrokari ekin, eta Euskal Herri aske eta antifaxista eraikitzera goaz! ¿@ernaigazte#GazteokIndependentzia pic.twitter.com/IBhqOpO1QB