Itxi

Kontrol saioa Senatuan

Albaresek Sahararekiko jarrera aldaketa ukatu du: "Espainiako Gobernua NBEren markoan dago, beti bezala"

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk mozioak aurkeztuko ditu Euskadin, saharar herriaren "erabakitzeko eskubide askeari" babesa emateko. EBBk azaldu duenez, "norabide aldaketa Mendebaldeko Sahararen burujabetza eta Saharar Herriaren etorkizuna bereganatzea nahi duen Marokoren alde agertzea da".

Jose Manuel Albares Atzerri ministroa Senatuan. Argazkia: EFE

Jose Manuel Albares Atzerri ministroak ukatu du Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa Sahararekiko. Albaresen hitzetan, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak dagoeneko Marokok proposatutako autonomia egitasmoa babestu zuen, eta ondoren Mariano Rajoyk ildo beretik jo zuen.

Senatuko kontrol saioan, EAJk, PPk eta ERCk Albaresi galderak egin dizkiote. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Mohamed VI.a erregeari gutuna bidali zion, 2007an planteatutako autonomia planari babesa emateko. Espainiako kolonia ohia Marokoren kontrolpean utziko lukeen egitasmoa gatazkari konponbidea emateko "oinarri serioena, sinesgarriena eta errealistena da", Sanchezek gutunean onartu zuenez.

"Espainiako Gobernua eta haren jarrera Nazio Batuen markoan dago, beti bezala", esan du Albaresek. Atzerri ministroak Staffan de Mistura Sahararako NBEren ordezkari bereziari babesa eman zion atzo bertan, nabarmendu duenez. Horrela, Albaresek Pilar Rojo PPko senatariari erantzun dio.

"Espainiaren jarrera Nazio Batuekin dago, Nazio Batuen Gutunarekin, Nazio Batuen ebazpenekin, bi aldeentzako onargarria den konponbidea aurkitzeko", zehaztu du ministroak. Argudio berdina bost aldiz errepikatu du Albaresek erantzunetan, gobernu ezberdinek izandako jarrera tradizionala aipatuz.

Albares: "Espainiaren jarrera Nazio Batuekin dago"

Horrela gauzak, diplomaziaren buruak ziurtatu du Espainiaren jarrera Frantziako eta Alemaniakoaren "oso antzekoa" dela. Marokoren autonomia egitasmoa irtenbide bat lortzeko "oinarri errealistena" dela uste dute, eta inork ez ditu zalantzan jarri, ministroak kritikatu duenez.

Era berean, Rabatek proposamena Zapatero Gobernuan zela egin zuela gogorarazi du Albaresek, eta hark "ongietorria egin" zion. Horregatik, Sanchezek Marokoko erregeari gutunean esandakoak piztutako polemikarekin "harriturik" agertu da.

Aldebakarreko erabakia aurpegiratu dio Estefania Beltran de Heredia EAJko senatariak Espainiako Gobernuari. Exekutiboak Marokoren "xantaiaren" aurrean amore eman duela uste dute jeltzaleek. Rabatentzako "garaipen politiko handia" da, erantsi duenez.

Era berean, Jordi Marti ERCko senatariak "180 graduko norabide aldaketa" deitoratu du, Espainiako Exekutiboak "neutraltasun" tradizionala atzean utzi duelako. Marokorekin krisia ixteko, "trukean" sahararren autodeterminazio eskubidea ukatzea aurpegiratu du errepublikarrak. Eskualdearen egonkortasuna arriskuan jartzen ari direla ohartarazi du. Horregatik, erabakia "zuzentzeko" eskatu du Martik.

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk mozioak aurkeztuko ditu Euskadin, ordezkaritza duen udal guztietan, saharar herriaren "erabakitzeko eskubide askeari" babesa emateko, Sanchezek bultzatutako jarrera aldaketak suposatu duen "traizioaren" ostean.

Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) ohar batean azaldu duenez, "zoritxarrez", Sanchezek bultzatutako "norabide aldaketa Mendebaldeko Sahararen burujabetza eta Saharar Herriaren etorkizuna bereganatzea nahi duen Marokoren alde agertzea da, inolako ñabardurarik gabe".