Hezkuntza
Hezkuntza lege berriaren oinarriak: segregazioarekin amaitzea, laikotasuna bermatzea eta euskara ardatz izatea
EITB MEDIA
Publiko egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza legea erreformatzeko EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk Legebiltzarrean adostu zuten dokumentua.
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistema berrian ez da segregaziorik onartuko, laikotasunaren alde egingo da eta euskara izango da ardatza. Hala dago jasota joan den astean hezkuntza legea erreformatzeko EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk Legebiltzarrean egin zuten akordioan.
50 orrialdeko dokumentuan aipatzen denez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan "ez da sexu-segregaziorik onartuko", eta ikastetxeek "sexu zein genero askatasuna bermatzeko neurriak" hartuko dituzte.
Halaber, euskal hezkuntza sistema "laikoa" dela azpimarratzen da. Horrela, bada, "lege organikoak ezarritako gutxienekoa izango da ikastetxeek Erlijio ikasgaiari eskaini diezaioketen gehienekoa, eta doktrinamendurik ez dela izango bermatuko dute".
Horrez gain, "euskara ardatz izango duen esparru eleaniztun orokortu baten aldeko apustua" egiten du. "Bi hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatuko duen eredu inklusibo orokortua defendatzen dugu, betiere ikasleen jatorrizko hizkuntzak eta kulturak aintzat hartuko dituena", zehaztu dute.
Itunpeko ikastetxeei dagokienez, finantzazio publikoa jasotzen jarraituko dute, baina "legeak ezarritako printzipio eta helburuak" bete beharko dituzte, "legeak ezartzen dizkien konpromiso eta betebeharrak kontuan hartuta".
Bestalde, eta pertsona guztiek hezkuntza berdintasunez jasotzeko duten eskubidea bermatze aldera, "ikasleak onartzeko prozedura bakarra" arautuko dute eta ikastetxe guztietan aplikatuko da, publikoetan nahiz itunpekoetan.
Ildo berean, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte "arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste zio batzuengatik ikasleak baztertu ez daitezen".