Itxi

Euskadiko hobirik handiena

Gerra Zibileko 42 desagerturen gorpuzkiak topatu dituzte Begoñan, gehienak gudari eta milizianoak

EiTB Media

Leer en Castellano

Gogora Institutua hobitik atera dituzten gorpuzkiak identifikatzeko lanean ari da jadanik. Hipotesi nagusiaren arabera, Bilboren defentsan hil zituzten 1937ko ekainaren 15etik 18ra, litekeena da Artxandako batailan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Orain arte Euskadin aurkitutako hobirik handienean, Begoñako hilerrian (Bilbo), 46 pertsonaren gorpuzkiak topatu dituzte, horietatik 42 desagertuak ziren, gehienak gudariak eta milizianoak.

Gogora Memoria Institutua hobitik atera dituzten gorpuzkiak identifikatzeko lanean ari da jadanik. Horregatik, senidea Bilboko defentsan hil zutenaren susmoak dituzten familiei Institutuarekin harremanetan jartzeko eskatu diete.

Gerra Zibilaren testuinguruan hildako pertsonen gorpuzkiak Begoñan zirela bazekiten, baina azken asteetan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek garaiko hobi komun handi bat topatu dute, eta haren berririk ez zegoen; izan ere, dokumentaziorik ez zegoen. Honenbestez, hilerrian gerrarekin lotutako lurperatzeak egin zirela bazekiten, gehienak hilobi indibidualetan ehortziak, baina desagertu horien inguruko agiririk ez zegoen.

Aranzadi Zientzia Elkarteak lanak aurrera eraman ditu Bilboko Udalaren Begoñako Argia proiektuaren baitan.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak agerraldia egin du asteazken honetan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin eta Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiarekin batera, desobiratzeen berri emateko.

"Guztira, hobi komun handian 42 biktimaren gorpuzkiak agertu dira; ez zeuden erregistraturik, beraz, orain arte desagerturik zeuden", azpimarratu du Beatriz Artolazabal sailburuak.

Gauza ugari aurkitu dituzte

Indusketa lanetan gauza ugari berreskuratu dituzte arkeologoek: monetak, objektu pertsonalak, botak, belarriak eta bost identifikazio txapa.

Hipotesi nagusiaren arabera, Bilboren defentsan hil zituzten 1937ko ekainaren 15etik 18ra, litekeena da Artxandako batailan. Gudariak eta milizianoak Begoñan lurperatu zituzten, inolako erregistrorik egin gabe, hiria frankisten eskuetan erortzeko zorian baitzegoen.

Hobian topatutako identifikazio txapen lehen garbiketa egin ondoren, hildakoen batailoiak zehazteko lehen pausoak eman dituzte. Artolazabalek aurreratu duenez, San Andres Batailoiko (Eusko Gudarosteko unitatea; STV sindikatu abertzaleari lotua) gudariak izan daitezke, baita Jean Jaures Batailoiko milizianoak (UGTri atxikia) eta miliziano anarkistak ere.

Hobiak lau zati ditu

Hobi komun handia lau zatitan banatuta dago: horietako batean bi indibiduo aurkitu dituzte, bigarren zati batean beste bi pertsona, hirugarrenean 17 eta laugarrenean 25.

Gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak ez dira amaitu, eta oraindik zazpi gudari eta miliziano errepublikar lurpetik atera behar dituzte Santa Teresako eremuan eta bi soldadu frankista Santa Luziako zonaldean. Datozen astean helduko diete lanei.

Agertutako gorpuzki guztiei DNA probak egingo dizkiete Gogora Institutuaren bidez, gerrako biktimen senideen DNArekin gurutzatzeko.

Bideoak (1)