Kargatzen...
Itxi

Radio Euskadin

Lehendakariaren bilera-sortan krisiari aurre egiteko neurriak adostea espero dute alderdiek

A.G. | T.S.J. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Batzarrak astelehenean hasiko dira, PP-Cs alderdiarekin. Asteartean EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren txanda izango da eta asteazkenean, berriz, EAJrena eta PSErena.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Luis Javier Telleria jeltzalearen hitzetan, alderdiekin "adostasunerako gaiak bilatzen" saiatuko da lehendakaria, Ukrainako inbasioak eta prezioen gorakadak eragindako egungo krisiari aurre egiteko neurriak lotu ahal izateko. Telleriak azpimarratu duenez, "Eusko Jaurlaritzak premiazko neurriak hartu ditu" Ukrainan negozioak dituzten euskal enpresei laguntzeko baina "egiturazko neurriak hartzeko unea da orain".

Gobernu bazkide den PSEk defendatu du "babes soziala eta inbertsio publikoa" sustatzeko ordua dela. Espainiako Gobernuak hartutako neurriak txalotu ditu Gloria Sanchez legebiltzarkide sozialistak.

Oposiziotik eskua luzatu diote Jaurlaritzari. Iker Casanovak (EH Bildu) aitortu duenez, "izpiritu kritiko eta eraikitzailearekin" joango dira bilerara, eta "proposamen zehatzak" egingo dituzte, "gerra-ekonomia batetik babes-ekonomia batera" igaro ahal izateko. Hori bai, alderdi politikoekin gaiari eusteko Urkulluk "40 egun" behar izan dituela kritikatu du Casanovak, eta "gainerako alderdien ekimenekiko mespretxu jarrera ezabatzea" eskatu dio.

Bestalde, Iñigo Martinezek (Elkarrekin Podemos-IU) Casanovaren kritikarekin bat egin du, guerra hasi zenetik, "lehendakariarekin lehenengo harremana" datorren asteartean izango baita. Martinezek azpimarratu duenez, "herritarrei babesa emateko" neurriak adostu behar dira eta, aurreratu duenez, lehendakariari aurkeztuko dizkioten proposamenak Eusko Legebiltzarreko ostiraleko Osoko Bilkura monografikora ere eramango dituzte.

Amaitzeko, Carmelo Barriok (PP-Cs) esan du "erreforma fiskalak" proposatuko dituztela, eta Jaurlaritzari eskatuko diotela esku hartzeko, "sektore ekonomiko anitzen eskuduntzak" Exekutiboak nahiz Aldundiek baitituzte.

Audioak (1)