Bilera
PPk lehendakariari zergak jaistea eta soberakinekin egitasmo bat martxan jartzea eskatu dio
Agentziak | EiTB Media
Besteak beste, foru aldundiek PFEZ jaistea planteatu dio PP+Cs koalizioak Eusko Jaurlaritzari, "inflazioaren igoera ikaragarria" zuzentzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Familia eta enpresei zergak jaistea eta diruzaintzako soberakinekin egitasmo bat martxan jartzeko eskatu dio PPk Iñigo Urkullu lehendakariari, Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko.
Lehendakariak Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko legebiltzarkidea hartu du astelehen honetan.
Batzartu ondoren, Iturgaizek agerraldia egin du komunikabideen aurrean, lehendakariari entregatu dion dokumentuaren berri emateko. Proposamen sorta Eusko Legebiltzarrera ere eramango dutela iragarri du; izan ere, Ganberak eztabaida monografikoa hartuko du ostiralean.
Besteak beste, foru aldundiek PFEZ jaistea planteatu dio PP+Cs koalizioak Eusko Jaurlaritzari, "inflazioaren igoera ikaragarria" zuzentzeko.
Era berean, eskumena duen zergen, tasen eta prezio publikoen inguruko txosten bat egitea eskatu dio eskuineko koalizioak Urkulluren Gobernuari, jaitsiera bat planteatzeko.
Bestalde, 1.000 milioi euroko funts bat sortzea proposatu du PP+Csek, hiru ekitalditan zehar aurrera eramateko, lanpostuak sortzen dituzten enpresa proiektu "bideragarriak" finantzatzeko.
Gainera, 200 milioi euroko beste ezohiko funts bat martxan jartzea nahi du eskuineko koalizioak, EAEko unibertsitateen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko zentroen bidez I+G+B egitasmoak aurrera eramateko.
Diru hori Eusko Jaurlaritzaren diruzaintzako soberakinetatik ateratzea planteatu du eskuineko koalizioak. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak 1.877 milioi euroko soberakinaren berri eman zuen duela egun batzuk.
Diru hori gordeta izateagatik Iturgaizek Jaurlaritza kritikatu du. PPko ordezkariaren hitzetan, ez du kudeaketa on bat egin izanagatik lortu, "behar baino gehiago bildu duelako" baizik, familien ekonomia "dardaraz dagoenean".
Lehendakaria Elkarrekin Podemos-IUrekin eta EH Bildurekin bilduko da astearte honetan.
EH Bildu
Zerga erreformaren eztabaidari heltzeko eta soldatak KPIren igoerara egokitzeko beharra planteatuko dio EH Bilduk lehendakariari.
Ainhoa Beola koalizioko Politika Instituzionaleko arduradunak agerraldia egin du Donostian, EH Bilduko ordezkariek Urkulluri azalduko dizkioten planteamenduen berri emateko.
Horrela, neurri zehatzen berri eman du koalizioak. "Herriak sortutako aberastasunaren bidezko banaketa bat" eta horren bidez diru-sarrera gehiago lortzeko zerga erreformaren inguruko eztabaidari heltzea eskatuko dio EH Bilduk Urkulluri.
Koalizioaren ahotan, "prezioak etenik gabe gora egiten ari direnean, soldata berdinekin jarraitzea euskal familiak gehiago pobretzea da". Horregatik, soldatak KPIren mailan jartzea "premiazko beharrizan" bat dela uste du Beolak, baita gizarte diru-laguntzak lortzeko baldintzak malgutzea ere.
"Berehalako" neurri "aringarriez" gain, Euskadik "eredu energetiko, ekonomiko eta sozialaren egiturazko eraldaketa" behar duela erantsi du Beolak, "epe ertain eta luzera bizi baldintza duinak lortzeko".
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak 1.800 milioi euroko soberakina izatea kritikatu du EH Bilduk, "osasun eta ekonomia krisian murgildurik justifika ezina delako". Aldi berean, bera bezala pentsatzen ez dutenei entzutera ez mugatzeko eta "alderdiek parte hartu ahal izateko mahai edo foro bat" bultzatzea eskatu dio Urkulluri.
¿ Herri honek badu erreforma fiskalari buruzko eztabaida bat egiteko beharra.
— EH Bildu (@ehbildu) April 4, 2022
Ainhoa Beola: «Aurrekontuetan jasotako inbertsioak berrikusi behar dira, lehentasunak euskal herritarren premietara, euskal industriara eta lehen sektorearera bideratzeko». pic.twitter.com/bCgBRdogZO
Elkarrekin Podemos-IU
Pilar Garrido Podemos Ahal Duguko koordinatzaileak lehendakariari zerga eta errenta itun bat eskatu dio, enpresa handiak krisi ekonomikotik ateratzeko "erantzunkide" egiteko, eta "langileak, familiak, autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak babesteko".
Gainera, 1.900 milioi inguruko soberakina erabiltzeko eskatu dio Jaurlaritzari, premiazko neurri sozialak martxan jartzeko eta herritarrak "pobretzea" saihesteko.
Garridok prentsaurrekoa eman du astelehen honetan, Bilbon. Soberakinarekin "premiazko neurriak lehenbailehen" martxan jartzea planteatu du koalizio moreko ordezkariak. Zentzu horretan, 18 urtez azpiko seme-alaba bakoitzeko 100 euroko "diru-laguntza unibertsala" bultzatzea proposatu du. "Gure seme-alaben babesean aurrerapausoak emateko unea da", azpimarratu du.
Pilar Garridoren esanetan, "behingoz", zerga erreforma bat beharrezkoa da, "gehien dutenek, batez ere enpresa handiek edo oligopolio energetikoak, dagokiena ordaintzeko". "Korporazio handietako enpresaburuak erantzunkideak izan behar dira krisitik ateratzeko orduan", nabarmendu duenez.