Pablo Gonzalez
Sanchezek dio Pablo Gonzalez kazetariak berak eskatu duela bere kasuko zenbait alderdi isilean gordetzeko
Eitb Media
EH Bilduk gertakarien aurrean jarrera eta salaketa argia agertzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, baita "Polonia egiten ari den irregulartasunen aurrean" kexa formala aurkezteko ere. Pedro Sanchezek esan du bere gobernua "arreta handiz" ari dela auzia jarraitzen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteazken honetan ziurtatu du Gobernuak "arreta handiz" jarraitzen du duela hilabete baino gehiago Polonian, Ukrainako mugatik gertu, atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetari euskaldunaren kasua.
Horrela mintzatu da Pedro Sanchez Diputatuen Kongresuan, Gobernuaren kontrolerako saioan, Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak egindako galderari erantzunez.
EH Bilduk Pablo Gonzalez euskal kazetariaren atxikipenean "Polonia egiten ari den irregulartasunen aurrean kexa formal bat aurkeztea" eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta hari bezala, kontsulatuari ere aurpegiratu dio ez direla "nahikoa egiten ari" kazetariari dagozkion oinarrizko eskubideak babesteko.
Aizpuruak gogorarazi du Gonzalezek hilabete eta astebete daramala atxilotuta Polonian, "eskubide oinarrizkoenak urratuta eta sinesteko ere zail suertatzen den espioitza akusazioarekin". Adierazi du kazetariak ezin izan duela bere familiarekin eta konfiantzazko abokatuarekin hitz egin, eta, beraz, "de facto inkomunikatuta" dago, erabateko babesgabetasun-egoeran.
"Hori guztia Europar Batasuneko kide den estatu batean. Poloniak Europar Batasuneko oinarrizko eskubideen gutuneko 18 artikulu urratzen ditu eta eraso zuzena egiten dio prentsa- eta informazio-askatasunari, denok, hemen eta edonon defendatu beharko genukeen balio demokratiko bati", azpimarratu du Aizpuruak.
Parlamentariak nabarmendu du ez dela onargarria "kazetari bat Europako estatu batean babesgabetasun-egoera horretan" egotea. "Ahal den guztia egin beharko zenukete eremu europarrean eskubideen urraketa horri amaiera emateko. Badakigu bai Gobernua, bai kontsulatua lanean ari zaretela, baina ez da nahikoa izaten ari. Eskubideak dira hemen jokoan daudenak", esan dio Sanchezi.
Gobernuak adi dagoela dio
Sanchezek ziurtatu du Enbaxadatik zein Ministeriotik Poloniako agintariei jakinarazi zaiela "bermatu egin behar dela atxilotuaren laguntza kontsularra. Laguntza hori jaso duela azpimarratu du eta "bisita kontsularrarerako eskubidea eta abokatu baten laguntza jasotzeko eskubidea ere" bermatu zaizkiola dagoeneko. Puntu horretan, Espainiako Gobernuko buruak adierazi du "ofiziozko abokatu bat" esleitu ziotela, baina Gonzalezek "legitimoki nahiago izan du berak aukeratutako bi abokatu izatea, bata poloniarra eta bestea espainiarra".
Pedro Sanchezek adierazi duenez, "kasu honetan, beste batzuetan bezala, kasuaren alderdi batzuk ezin izango dira jakinarazi, jakina, pertsonak berak, kasu honetan Gonzalez jaunak, adierazi duelako ez duela horiek ezagutzera ematerik nahi eta bere errugabetasun-presuntzioa jokoan dagoelako, Espainiako Gobernuak errespetatzen duena eta Poloniako auzitegiek erabakiko dutena".
Horri guztiari, Espainiako Gobernuko presidenteak gehitu dio badakiela José Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroa Gonzalezen "egoeraren jakitun" dela, eta ministroak "hainbat harreman" izan dituela Poloniako bere homologoarekin eta Varsoviako enbaxadorearekin.
"Atzerriko herrialde batean atxilotua izatea bezalako egoera zail eta konplexu bati aurre egiten dioten espainiar guztiei jarraipena eta ahalik eta arreta gehien ematen diegu, ezin bestela izan. Eta kasu honetan, nik bermatu ahal dizut bi bisita kontsular jaso dituela, azkena joan den ostiralean bertan, eta, jakina, Ministeriotik eta Gobernutik adi gaude eta kasu hau arreta handiz jarraitzen dugu ", azpimarratu du Sanchezek.