Ukrainako gerra
Gerra ezberdinetako biktimak oroitu ditu lehendakariak, minutu bateko isilunearekin
eitb media
Eudelen 40. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian, Durangon, Gernikan eta Lobaina, Varsovia, Hiroshima eta Sarajevoko gerretan hildako pertsonak izan ditu gogoan Urkulluk, besteak beste.
Iñigo Urkulluk gerra ezberdinetan izandako biktima guztiak izan ditu gogoan, Ukrainako gerraren testuinguruan, eta horien guztien omenez minutu bateko isilunea eskatu du.
Eudelen 40. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian parte hartu du lehendakariak, eta agerraldiko lehen minutuetan gerra ezberdinek eragindako sarraskiak izan ditu hizpide. Gainera, Volodimir Zelenski presidente ukrainarrak atzo Espainiako Kongresuan egindako hitzaldian Gernikaren bonbardaketaren harira esandakoak gogoratu ditu.
"Atzo Durango eta Gernika izan ziren, ondoren beste batzuk, Lobaina, Varsovia, Hiroshima, Sarajevo.. Gaur Mariupol, Ukraina da. Hildako pertsona guztien oroimenez, holako sarraskia pairatu eta pairatzen dituztenen omenez, minutuko isilunea proposatzen dizuet", azaldu lehendakariak.
Testuinguru horretan, "omenaldia" egin nahi izan die "lau hamarkada hauetan zehar udaletik bere herriarekiko eta Euskadirekiko konpromisoa erakutsi duten alkate eta zinegotzi guztiei".
Era berean, azpimarratu du udalerriek "lehen pertsonan" pairatu dituztela 80ko hamarkadako industria-krisia, 2008ko finantza- eta ekonomia-krisia, pandemiaren astindua "edo orain Ukrainaren inbasioaren ondorioak", eta arazo horien aurrean "erreakzioa eta erantzuteko gaitasuna" erakutsi dutela.