13/13 auzia
13/13 auziko defentsek Gorenera joko dute, epaiak "giza eskubideak urratu" dituela ulertuta
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEdia
Auzitegi Nazionalak zigortutako lau akusatuen abokatuek uste dute epaiak "CNIren parte hartze iluna, torturak, miaketa irregularrak eta 'Non bis in idem' printzipioa (egitate beragatik birritan ez epaitzea) balioztatzen" dituela.
13/13 auzian zigortutako lau abokatuen (Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi) defentsek Auzitegi Nazionalaren epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko dute Auzitegi Gorenean, gaur prentsaurrekoan iragarri dutenez. Euren ustez, Auzitegia Nazionalak "CNIren eta Guardia Zibilaren tesiaren interpretazio behartua" egin du epaian, eta CNIren parte hartze iluna, torturak, miaketa irregularrak eta 'Non bis in idem' printzipioa (egitate beragatik birritan ez epaitzea) balioztatzen ditu". "Giza
"Giza eskubideen urraketan oinarritutako frogetan oinarritutako erabakia da, eta uste dugu errealitate sozialetik at dauden argudioak erabiltzen dituela", azaldu dute Aiert Larrarte, Jone Goirizelaia eta Alfonso Zenon abokatuek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.
Auzitegi Nazionalak ia 18 urteko kartzela zigorra ezarri die lau abokatuei erakunde terroristako kide izatea egotzita (beste bi absolbitu ditu). Zigor arloko 4. sekzioak "ETAko presoak kontrolatzeko helburu nagusiarekin, Halboka fronte juridikoa eraikitzea" leporatu die zigortutako lau euskal herritarrei.
Salatu dutenez, epaia "prentsaren bitartez notifikatu" zitzaien abokatuei, eta biharamunean jaso zuten prokuradorearen eskutik.
"CNIren tesiaren interpretazio behartua egin du epaiak"
Aiert Larrartek azaldu duenez, erabakiak "Guardia Zibilaren eta CNIren tesiaren interpretazio behartua" egin du. "CNIk balorazio edo interpretazio bat egin zuen, frogetan oinarrituta ez dagoena, eta sententziak interpretazio hori jaso du, gu defentsa gabe utzita", erantsi du.
Larrarteren hitzetan, ikerketa fasean "argi eta garbi geratu zen CNIren jarduera iluna, argitara atera ez dena, epaiketan zehar ere ezkutuan geratu dena eta sententziak hori berretsi du".
Halaber, kritikatu du "legez kanpoko atxiloketa batekin" (David Pla ETAko buruarena) hasi zela ikerketa, halaxe berretsi zela epaiketan, "eta sententzian ere horixe berretsi du".
Argudio horiekin Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute abokatuok.