Itxi

Mendebaldeko Sahara

Mahfud Bachri: "Mendebaldeko Sahara ez da Marokoren parte, hark ezin du ezer erabaki"

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Bachri ekintzaile sahararrak "tamalgarri" jo du Espainiaren jarrera aldaketa. Marokoren proposamena "autonomia faltsu" bat dela dio eta salatu du saharar herriarentzat ezinezkoa dela euren eskubideak sistematikoki urratzen dituen erregimen batean bizitzea.

Saharar herriaren aldeko Manifestazioa Bilbon, martxoan.

Saharar herria haserre dago Espainiako Gonernuak Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldaketarekin, haserre bai, "baina ez harrituta". 

Hala adierazi du Mahfud Bachri ekintzaile sahararrak Tindufetik, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. "Demokrazian beste ezein presidentek egin ez duena egitera ausartu da Sanchez". Espainiaren eta Marokoren arteko harremanak beti onak izan direla adierazi du, "Saharar herriaren eta bere autodeterminazio eta independentzia eskubide legitimoaren kontura", baina lotsagarritzat jo du Sanchezek "beste pauso bat" eman izana.

Bachrik argi dio Marokok ezin duela Sahararen gainean erabaki. "Autonomia ezin du Marokok eman, Mendebaldeko Sahara baita Marokoren parte, lurralde bereiz eta desberdinak dira, eta hala esan du behin baino gehiagotan jurisdikzio europarrak", azpimarratu du. 

Hala ere, Nazio Batuentzat Mendebaldeko Sahararen estatusak bere horretan jarraitzen du, "deskolonizazioaren zain dagoen lurralde ez autonomoa da Nazio Batuentzat, eta inork ezin dio Marokori eman gure lurraren gaineko subiranotasunik".

Proposamen autonomikoak ekar lezakeen gauzarik okerrenaz galdetuta, Bachrik erantzun du sahararrentzat "ezinezkoa" dela euren eskubideak sistematikoki urratzen dituen erregimen batean bizitzea. Bere esanetan, okupaziotik 45 urte igaro direnean, Saharako herriak Marokoren aldetik jaso duen guztia izan da txarra, "dena izan dira torturak, tratu txarrak, setioak eta baliabide naturalen arpilatzea"; horregatik, ezerk ez die pentsarazten hori orain aldatuko denik, "autonomia plan honek oso sinesgarritasun gutxi du guretzat", esan du.

Saharar herriak bere eskubideak lortuko dituen itxaropena du ekintzaileak: "Ia 50 urtez aurrera egin dugubaldintza ezberdintan, aurre egin diegu kanpamenduen prekarietateari eta lurralde okupatuetako agresibitate militarrari, baina espero dugu, honen guztiaren ondoren, iritsiko dela eguna demokratikoki bozkatu ahal izango duguna Nazio Batuek babestutako erreferendum batean".

Azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuaren jarrera aldatu bada ere, Espainiako herritarren gehiengoak elkartasuna adierazi izan diola beti saharar herriari, eta "horrela ikusi ahal izan da Diputatuen Kongresuan ere, Pedro Sanchez bakar bakarrik gelditu baita, kolore eta ideologia guztietako alderdi politikoak Sanchezen eta bere ministroaren norabide aldaketa tamalgarri horren aurka azaldu direnean".