Itxi

radio euskadi

Eusko Legebiltzarrak onartutako ia 200 milioi euroko neurri sortaren alde egin dute EAJk eta PSEk

eitb media

Leer en Castellano

Oposizioko blokearen arabera, ezinbestekoak dira egiturazko neurriak. EH Bildu oso kritiko agertu da laguntzekin, eta Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Cs taldeak bat etorri dira horietako batzuekin.

Iker Casanova (EH Bildu) eta Ekai Rico (PSE), Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media

Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' saioan, Lehendakariak aurkeztutako eta Gasteizko Ganberak onartutako neurri sortaren alde egin dute EAEko Gobernua eusten duten EAJ eta PSE taldeek.

Aitor Urrutia jeltzalearen arabera, laguntza horiek erantzun "bizkorra, koordinatua eta eraginkorra" suposatzen dute, Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko.

Ekain Rico sozialistak, bestalde, nabarmendu du neurri horiek eta Espainiako Gobernuak krisiari aurre egiteko Planean jasotakoak "osagarriak" direla, eta estatu mailako laguntzetako asko Euskadira ere iristen direla.

Oposizioaren artean, EH Bildu agertu da kritikoen. Iker Casanova legebiltzarkidearen aburuz, neurriak "eskasak, desorekatuak edo partzialak" dira, eta nabarmendu du "berandu" datozela. Casanovak berretsi duenez, badira arrazoiak 200 milioi euroko laguntzekin kritiko izateko eta, beste behin, "egiturazko neurrien" beharrean ipini du fokua.

Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Cs koalizioak bat datoz egiturazko neurrien falta horrekin. David Sotok "zerga erreforma baten eta trantsizio energetikorako plan baten" beharra mahaigaineratu du.

Luis Gordillo PP-Cs taldeko legebiltzarkideak, halaber, kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak 1.800 milioi euroko soberakina izatea, "kudeaketa txarraren" erakusle baita hori.

Dena den, Soto eta Gordillo bi koalizioetako legebiltzarkideek Eusko Jaurlaritzaren plana babestu dute, eta neurrietako batzuei abala eman zieten Eusko Legebiltzarraren bileran.