Itxi

Hauteskundeak Frantzian

Macron eta Le Pen berdinduta lehenengo itzulian, hauteslekuetan egindako inkesta belgikar baten arabera

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Aurreikuspenen arabera, botoen % 24 eskuratu dute, eta hirugarren izango litzateke Jean-Luc Melenchon ezkertiarra, botoen % 19 jasota.

Le Pen eta Macron. Argazkia: EiTB

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Marien Le Pen eskuin muturreko hautagaia berdinduta geratu dira Frantziako Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, biek ala biek botoen % 24 lortuta, La Libre Belgique egunkari belgikarrak hauteslekuetako inkestetan oinarrituta zabaldu duenez.

20:00etan hauteslekuak ixteko bi ordu eskas geratzen zirenean, inkestak iragarri du hirugarren postuan Jean-Luc Melenchon ezkertiarra geratu dela, botoen % 19 jasota.

Ondoren, Valerie Pecresse kontserbadorea eta Eric Zemmour eskuin muturreko hautagaia izango omen dira, botoen % 8 eskuratuta.

Lehenengo inkesta Belgikako egunkariak argitaratu du, 18:00etan, baina atariko inkestaren emaitza denez, tentuz hartzeko ohartarazi du, nabarmen alda daitekeelako.

Frantziako legediak debekatu egiten du 20:00etan hautesleku guztiak itxi baino lehen inkestarik argitaratzea, eta, hori dela eta, lehenengoak Belgikan argitaratu ohi dira, auzo herrialdean interes handiz jarraitzen baitituzte Frantziako bozak.

Albisteak (2)