Itxi

Frantziako hauteskundeak

Macronek egitasmo ekologikoez arduratuko den lehen ministro bat izango duela hitzeman du

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Presidenteak horixe adierazi du boto-emaile ezkertiarrei begira; izan ere, litekeena da Melenchonek datozen orduetan jakinaraztea bigarren itzulirako boto agindurik emango duen ala ez.

Emmanuel Macron Frantziako presidente eta berriro hautatua izateko hautagaia, Marsellan. Efe

Emmanuel Macron Frantziako presidente eta berriro hautatua izateko hautagaiak iragarri du bere lehenengo lehen ministroa izango dela egitasmo ekologikoez arduratuko dena, beste bi ministroren laguntzarekin, Estatuak energia fosilei uko egiteko eta ekologiaren kudeaketa politikoaren erdigunean jartzeko.

"Datozen bost urteetarako politika ekologikoa izango da edo ez da izango", adierazi du Macronek Marsellan, Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiarekin bigarren itzulian lehiatzeko kanpainaren baitan.

Liberalak azaldu duenez, lehen ministroak bi ministro indartsuren laguntza izango du, bat energia egitasmoez arduratuko dena, eta bestea lurraldeetako egitasmo ekologikoekin arituko dena. "Gasa, petrolioa eta ikatza utziko dituen lehenengo nazio handia" Frantzia izatea da Macronen helburua.

Ekologia izan da presidentegaiaren hitzaldiko gai garrantzitsuena, gazteek, ekologistek eta ezkertiarrek kanpainan iraunkortasunari eta lurraren berotzeari buruzko eztabaidarik ez dela egon salatu ostean.

Le Penen aurkako manifestazioak

Marine Le Pen Frantziako eskuin-muturraren buruzagi eta presidentegaiak kritikatu egin du gaur Estatu osoan bere aurkako 30 bat manifestazio antolatu izana, "erabat antidemokratikoa" delakoan.

"Hauteskunde batzuen emaitzen aurkako manifestazioak egitea erabat antidemokratikoa iruditzen zait. Hauteskundeak ez dira kalean gaitzesten", adierazi du Le Penek.

Albisteak (3)