Aberri Eguna
EH Bilduk milaka pertsona elkartu ditu Iruñean lehenengo euskal errepublika aldarrikatzeko
agencias | eitb media
Manifestazioa egin dute Nafarroako hiriburuan zehar Sarasate pasealekura arte. Bertan ekitaldi politikoa egin dute eta Bakartxo Ruizek demokraziaren aldeko hautua egiteko eskatu du, "autoritarismoa"ren aurrean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka pertsona elkartu ditu EH Bilduk Iruñean Aberri Egunaren ospakizunean "bakea, burujabetza eta demokrazia" aldarrikatzeko, bi urtez koronabirusaren pandemiagatik Aberri Eguneko ekitaldi jendetsurik egin gabe egon ostean.
Eguerdian hasi dira ekitaldiak, hiriaren erdigunea zeharkatu duen manifestazio batekin. Europa plazatik abiatu, eta Baiona eta Armada etorbideak igaro ostean, Bakearen plaza, Yanguas eta Miranda kaleetatik pasatu dira, Sarasate Pasealekuan amaitzeko.
Tamaina handiko ikurrina bat eta Nafarroako bandera bat izan dira manifestazioaren hasieran, "Euskal Errepublika. Bakea, burujabetza, demokrazia" zihoen pankarta baten aurrean.
EH Bilduren diputatuak, parlamentariak, europarlamentariak eta kideak joan dira martxaren aurrealdean, eta bertaratu diren herritarren artean ikurrin eta Nafarroako bandera ugari ikus zitekeen, independentziaren aldeko oihuen artean.
Lankidetzarako eskaintza egio dio Ortuzarrek EH Bilduri, "gutxieneko errespetua erakusten badute"
Sarasate Pasealekuan izan da ekitaldi politiko nagusia, eta Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusiaren hitzaldia espero bazen ere, azkenean ezin izan da bertaratu osasun arazoengatik, eta Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramailearena izan da hitza.
Ruizek "lehenengo euskal errepublika" aldarrikatu du, baina "ez iragana errepikatzeko, gure burujabetza, gure hitza, berreskuratzeko baizik", horrela "etorkizun hobea, justua eta duina eraikitzeko".
Azken batean, EH Bilduren eledunak uste du "demokrazia" kontu bat dela: "Herriak erabaki dezala". Izan ere, hor ikusten du koalizio abertzaleak "egun mundu osoan dagoen borroka nagusia", hau da, "demokrazia ala autoritarismoa".
Amaiurren garaitu ez gintuztelako jarraitzen dugu zor zaigun burujabetza galdegiten. Gernikako errautsetatik berpiztu ginen, bakea dugu aldarri.
— EH Bildu (@ehbildu) April 17, 2022
¿ Demokrazia oinarri, #EuskalErrepublika ipar,
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!#AberriEguna22 pic.twitter.com/YDLD9ZOqeK
Ruizek esan du "eraldaketa sakona" behar dela Euskal Herrian, "mundua, gizartea eta herri gisa porrot egiteko" arriskua dagoelako. Horren aurrean, "erabaki propioak" hartzeko burujabetza edukitzea eskatu du.
Izan ere, estaturik gabe "zer egiteko gai izan gara? Pentsa ezazue estatu batekin zer egiteko kapaz izango ginatekeen", gaineratu du.
Podemos Euskadik "guztiona" defendatuko duen aberri "plural" eta "anitza" eskatu du
Baina EH Bildu ez da bakarrik egon gaurko mobilizazioan, izan ere, bertan izan dira ERC, BNG, CUP, Junts per Cat, Esquerra Valenciana, Mes Mallorca, Mes Menorca, Andecha Astur eta Puyalon de Cuchas alderdietako ordezkariak ere, "Euskal Herriarentzat bakea, demokrazia eta burujabetza" eskatzen.
Aurtengo Aberri Egunean oso presente izan dute uneoro Amaiurko borrokaldiaren 500. urteurrena, eta arratsaldean kultur ekitaldiak eta jolasak antolatu dituzte Iruñeko Alde Zaharrean, tartean jotariak eta dantzariak.
Ipar Euskal Herrian, bestalde, EH Baik milatik gora lagun elkartu ditu Azkainen (Lapurdi) Aberri Egunaren ospakizunean.
1200 abertzale bildu gira gaur Azkainen burujabetza aldarrikatzeko Euskal Herriarentzat.
— EH Bai (@EHBai) April 17, 2022
Anita Lopepe : "Muga guzien gainetik, Euskal Herri osoko eragile, herritar eta instituzioen artean nazio eraikuntza berrindartzeko garaia dela ere azpimarratu nahi dugu"#AberriEguna2022 pic.twitter.com/ukCdva6ail
UPNren erantzuna
Javier Esparza UPNren presidenteak EH Bilduri esan dio ez dezala "amets" egin, Nafarroa ez dela "sekula euskal errepublikaren, euskal estatu independente baten, Euskal Herriaren edo sekula existitu ez den entitate horren parte izango".
Esparzak prentsa-ohar batean azaldu duenez, "Nafarroa dena da, foru erkidego bat, bakana eta Espainian integratua, hala nahi duelako Nafarroako gizartearen gehiengo zabalak, eta ez lehen ETAk ez orain horien oinordeko politikoek, ez dute lortuko gehiengoaren nahia azpiratzea".