ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Garrido: "Oraingoz Madrilgo Udalean ez dago inor inputatuta; Sanchezen gobernuko hiru goi kargudun, bai"
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Euskadiko PPren idazkari nagusiaren arabera, Madrilgo Udaleko kontratuak ez ezik, administrazio guztien kontratuak ere berraztertu beharko lirateke, Eusko Jaurlaritzarenak barne. Bestalde, Andoni Ortuzarri erantzunez esan du "iraingarria" dela Ukraina, Sahara eta Euskadiko egoerak konparatzea.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusiak Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza ikertzen ari den Madrilgo Udaleko maskaren auzia hizpide izan du gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Ikerketaren emaitza errespetatuko duela azpimarratu ondoren gogora ekarri duenez, gaur-gaurkoz ez dute Madrilgo Udaleko inor inputatu, eta Espainiako Gobernuaren hiru goi kargudun, aldiz, inputatu dituzte pandemia garaian osasun materiala erosteko sinatutako kontratuei lotuta.
Maskaren auziarekin jarraituz, Madrilgo Udaleko kontratuak ez ezik beste administrazio guztietako kontratuak ere gainbegiratu beharko liratekeela esan du Garridok, Eusko Jaurlaritzarenak barne. "Segur aski, administrazio guztien kontratuak aztertuko bagenitu, gauza arraroak aurkituko genituzke", gaineratu du.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak sinatutako kontratuei inguruko informazioa eskatuko du PP+Cs talde parlamentarioak.
Bestalde, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Aberri Egunean esandakoari erantzunez, Garridok esan du "iraingarria" dela Ukraina, Sahara eta Euskadiko egoerak konparatzea.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidente izendatu ostean, Euskadiko PPn ere egingo dute kongresua, baina oraingoz ez du datarik. Garridok ez du uste Alfonso Alonso Nuñez Feijooren eskutik politikaren lehen lerrora itzuliko denik: "Oraingoz, eta nik dakidanez, bere asmoa ez da politikara bueltatzea".
Gaztela eta Leonen PPk eta Vox gobernua osatu izanarekin orain arte gainditu gabe zegoen marra bat gainditu oten den galdetuta, Euskadiko PPren idazkari nagusiak ukatu egin du hori, eta ez du baztertu formula hori etorkizunean Espainiako Gobernua osatzeko errepikatzea: "Komunean jarri beharko genituzke proiektuak eta neurriak, eta horren arabera erabakiak hartu".