ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Espioitza politikoa oso larria dela salatu eta erantzukizunak argitzeko eskatu du Iñigo Iturratek
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Pegasus programarekin egindako espioitza politikoaren harira, jakitun zirenek eta hori babestu zutenek erantzukizun politikoak hartu beharko dituztela azpimarratu du EAJren legebiltzarkideak: "EAJ hor egongo da hori eskatzen eta salatzen".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Pegasus programarekin egindako espioitza politikoaren auzia hizpide izan du Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkideak gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, eta bere iritziz estatuaren botere aparatuak daude atzean. Horren hitzetan, "oso larria" da, "batetik pertsonen eskubideen aurkako eraso argia delako eta bestetik gure egitura politiko-instituzionalaren kontrako eraso larria delako". Testuinguru horretan eta gertaturikoa salatu ondoren, espioitza politikoaren jakitun zirenek eta hori babestu zutenek erantzukizun politikoak hartu beharko dituztela azpimarratu du EAJren legebiltzarkideak: "EAJ hor egongo da hori eskatzen eta salatzen".
EAJren talde parlamentarioko koordinatzaile ere badenak EH Bilduren jarrera gogor kritikatu du eta akordiorako borondaterik ez izatea aurpegiratu dio: "Ezinezkoa da esku batekin akordioak eskaini eta bestearekin jipoitu". Ukrainako gerraren ondorioei buruz Eusko Legebiltzarrean egin zen saio monografikoaren harira, ereduen arteko talka mahai gainean jartzeko baliatu zuela leporatu dio EAJren legebiltzarkideak EH Bilduri. "Talka bat planteatzen duzuenean desadostasuna irteten da", gehitu du. Iturrateren arabera, ez zen benetako aukerarik egon EH Bildurekin negoziatzeko eta adostasunak lortzeko, "ez zegoelako borondaterik". Ildo horretan, esan du bezperan beren proposamenak bidali zizkietela talde guztiei eta EH Bilduk ez zuela azken unera arte erantzun.
Vox Gaztela Leongo gobernuan sartu berri den honetan, ultraeskuina zokoratzeko beharraz aritu da. Ildo horretan eta etorkizunera begira, prest agertu da etorkizunean PSOE edo PP babesteko Vox baztertzeko eta Espainiako Gobernutik kanpo uzteko baldin bada. "EAJk Vox baztertzeko eta gobernuetatik kanpo uzteko bere babesa emango du eta uste dut horretan koherete izan garela lehen momentutik", gaineratu du.
Atzo Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusiak "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteari erantzun zion "iraingarria" dela Ukraina, Sahara eta Euskadiko egoerak konparatzea. Gaur, Iñigo Iturratek Laura Garridoren esanak gogora ekarri ditu eta esan du "inteligentziaren irain" bat dela Ortuzarrek esan ez zuenaren gainean teoria edo mezu bat eraikitzea. Iturrateren esanetan, Ortuzarrek adierazi zuen Ukrainak, Saharak, munduko beste edozein herrik bezala, eskubidea duela bere etorkizuna erabakitzeko.
Estatus politikoaren inguruan galdetuta, EAJren ordezkariak ez du gaur-gaurkoz borondaterik ikusten Eusko Legebiltzarrean eztabaidarik ekiteko.