Espioitza politikoa
"Espioitza eskandalu larriena"ren aurrean, erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu dio Aragonesek Estatuari
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Kataluniako presidentea Pegasus malwarearekin zelatatuak izan diren taldeekin bildu da Kongresuan. Ikertzeko eskatu dio Sanchezi, "jakiteko nortzuk zelatatu dituzten, nork eman zuen agindua eta zergatik". "Gobernuan dugun konfiantza hutsaren hurrengoa da", ohartarazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pere Aragones Generalitateko presidenteak "gardentasuna" eskatu dio Espainiako Estatuko gobernuari "demokraziako espioitza eskandalu larriena" ikertu eta dagozkion erantzukizunak bere gain har ditzan.
ERCko buruzagia Diputatuen Kongresuko atarian mintzatu da. Agerraldiaren aurretik, bilera egin du Pegasus malwarearekin zelatatuak izan direla salatu duten taldeekin (ERC, Junts, PDeCAT CUP eta EH Bildu) eta Unidas Podemosen talde parlamentarioarekin.
Kataluniako presidenteak nabarmendu duenez, "Espainiako Gobernuan dugun konfiantza hutsaren hurrengoa da", eta hura lehenbailehen berrezartzen ez bada, edozein kolaborazio politiko "bideraezina" izango dela ohartarazi du —orain arte koalizio gobernuaren babesetako bat izan da ERC—. "Generalitateko gobernuak eta taldeek legegintzaldi honen etorkizunari buruzko erabakiak hartuko ditugu", erantsi du.
Aragonesen hitzetan, "ezinbestekoa" da Gobernu zentralak barne ikerketa egitea jakiteko "nortzuk zelatatu dituzten, nork eman zuen horretarako agindua, zeintzuk datu bildu dituzten eta zergatik egin duten". Era berean, talde abertzaleek eta Unidas Podemosek eskatu bezala, Kongresuan auziaren inguruko ikerketa batzordea eratzea beharrezko jo du.
"Neurri argi, zehatz eta berehalakoak behar ditugu", aldarrikatu du. Kataluniako presidenteak ohartarazi duenez, "kontu hau ezin da betikotu" eta ez dute onartuko "Espainiako Gobernuaren irtenbide bakarra denbora pasatzen uztea izatea".
Aragones, taldeekin egin duen bileran. Argazkia: EFE
Taldeen adierazpenak
Aragonesen agerraldiaren aurretik, eta bilera amaitu ondoren, talde independentistetako kideak prentsa aurrera azaldu dira euren iritzia emateko.
Ferran Bel PDeCATeko bozeramailearen hitzetan, Espainiako Gobernuak "ezikusiarena egin, eta orain arteko neurri ez nahikoak" hartzen jarraitzen badu, taldeko lau diputatuek euren babesa kenduko diote Kongresuan gobernuari. Dena dela, aitortu duenez, "oraindik ez gaude denari ezetz esateko unean". Argi utzi du "hau guztia ezin dela horrela geratu", eta Espainiako Estatua egin du espioitzaren erantzule. "Baimen judiziala izan badute, atera beharko da, eta egon ez bada, Espainiako Gobernua izango da erantzulea", adierazi du.
Miriam Nogueras Juntseko diputatuak –bere izena zelatatuen artean ei dago–, esan du PSOE-Unidas Podemos alderdien arteko gobernuak "aukeratu beharko du krisi instituzional larri honi zelan egiten dion aurre: ala ikertu, azalpenak eman eta erantzukizunak bere gain hartuta ala jazarpen ideologiko horren konplize izan". Noguerasen hitzetan, "onartezina" da gertatutakoa eta Espainiako Gobernua "erabat ustelduta dagoen sistema bat zuritzen" ari dela salatu du. Era berean, Espainiako prentsak gaiari egindako jarraipen "hutsal edo eskasa" ere kritikatu du, nazioarteko hedabideek "eskandalu" horren inguruan berri eman duten bitartean.
Mireia Vehi eta Albert Botran CUPeko bozeramaileek Sanchez bera eta CNI Espainiako Inteligentzia Zentroa jarri dute jomugan, eta Margarita Robles Defentsa ministroak hala iradoki zuela argudiatu dute. Dimisioak ere hizpide izan dituzte biek ala biek. "Lotsagarriena da gu ibili behar izatea agerraldiak eskatzen", azpimarratu dute.
Azkenik, Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak "egoeraren larritasuna"z ohartarazi du: "Gobernuak ezin du beste albo batera begiratu". Iragarri duenez, talde guztiek Kongresuko ikerketa batzordea eskatzea eta beste neurri batzuk hartzea adostu dutela, eta auzi honetan "batera" jardungo dutela.
Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko EAJko bozeramailea ere gerora bildu da Aragonesekin. Hitzorduaren ostean "biziki kezkatuta" azaldu da. "Inork ezin du ziur jakin inteligentzia zerbitzuen espioitza pean ez dagoenik, ni barne", adierazi du. "Larria litzateke edozein kasutan, baina ordezkari politikoak izanik, are gehiago, agerian uzten du gobernu sistema propioaren kalitate demokratikoa", esan du ordezkari jeltzaleak sare sozialen bitartez.