Presoak
13/13 sumarioan auzipetutako abokatuen auzia artxibatzeko eskatu dute hainbat sindikatuk
Agentziak | EITB Media
Prozedura artxibatzeko eskatu dute Bilbon egindako elkarretaratzean, "prozesuaren irregulartasunengatik" eta epaitutako pertsonak ez ezik "bakearen eta bizikidetzaren alde egin duen euskal gizarte osoa" ere kondenatu duelako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuen aurkako auzia artxibatzeko eskatu dute gaur, ostirala, ELA, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek. Espainiako Auzitegi Nazionalak kondenatu ditu laurak, ETAren fronte juridikoaren parte izatea egotzita.
Espetxe-politika aldatzea eskatzeko, kontzentrazioa egiten dute hilero sindikatuek Bilboko Moyua plazan, Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren aurrean, eta bertan egin dute aldarrikapena.
Zehazki, honako hauek eskatzen dituzte mobilizazio horietan: preso guztiak euskal espetxeetara hurbiltzea, gradu-progresioa erraztea eta lege arruntean jasotako espetxe-onurak lortzea, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituztenak espetxetik ateratzea, kartzelatik atera diren pertsonak lan-mundura itzultzea, eta legedia berrikustea, zigorrak salbuespenez ez luzatzeko.
Halaber, 13/13 sumarioko epaia salatu dute gaur; izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri dio Arantza Zuluetari, eta hiru eta lau urte artekoa Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri.
Sindikatuek euren "kezka" agertu dute, eta sententzia arbuiatu dute, horien esanetan, irregulartasunak egon baitira prozesuan, "kaltetutako pertsonek hala kontatuta", hala nola "legez kanpoko polizia-operazioa, telefono bidezko miaketak eta entzuketa irregularrak, CNIren esku beltza eta oinarrizko eskubideen urraketa".
Horregatik guztiagatik, prozesua artxibatzeko eskatu dute, "bai aipatutako irregulartasunengatik, bai epaitutako pertsonak ez ezik, bakearen eta bizikidetzaren alde egin duen euskal gizarte osoa ere zigortzeko helburua duen egintza delako".