Memoria historikoa
Gernikak biztanleriaren aurkako bonbardaketa faxista gogora ekarriko du 85. urteurrenean
Agentziak | EiTB Media
Ekitaldia 16:30ean izango da Zalloko hilerrian. Bonbardaketan onik atera zen bikote batek parte hartuko du lore eskaintzan. Era berean, Sergii Solovey Ukrainako Enbaxadako idazkari nagusia bertan izango da.
Alemaniako Kondor Legio naziak eta Italiako faxistek biztanleriaren aurka egindako bonbardaketa gogora ekarriko du Gernikak (Bizkaia) 85. urteurrenean. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Sergii Solovey Ukrainako Enbaxadaren idazkari nagusiak eta Jose Maria Gorroño alkateak hatuko dute parte.
Josu Erkoreka, Idoia Mendia eta Beatriz Artolazabal sailburuek Urkullu lagunduko dute ekitaldian. Zalloko hilerriak hartuko du omenaldia 16:30ean. Faxistek bonbardaketa 1937an burutu zuten Gerra Zibilean zehar.
Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko ordezkariez gain, bonbardaketan onik atera zen bikote batek parte hartuko du lore eskaintzan. Era berean, Sergii Solovey Ukrainako Enbaxadako idazkari nagusia bertan izango da. Lehendakariak enbaxadorea gonbidatu zuen, baina azkenean ez da hurbilduko, agenda arazoak tarteko.
Urteurreneko ekitaldien baitan, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendaria eta Ukrainako Enbaxadako ordezkaria Gernikako Batzar-etxean izango dira 17:30 aldera. Ondoren, Bakearen Museoa bisitatuko dute.
Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena oroitzeko agenda:
— Museo de la Paz Gernika (@museodelapaz) April 22, 2022
¿
Las actividades conmemorativas del 85º aniversario del bombardeo de #Gernika:#gernika85 #bombardeodegernika2022 #gernikakobonbardaketa2022 #guernica pic.twitter.com/fHhMXS29Og
Urteurreneko ekitaldiak 10:30ean hasiko dira. Jose Labauria orduko alkatearen omenezko oroitarrian lore eskaintza egingo dute.
Eguerdian, Bake eta Adiskidetze Sariak banatuko dituzte Lizeo antzokian. Sarituak Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga eta Kaltzada egoitzako zaintzaileak izango dira. Gainera, Udalak bazkaria antolatu du 14:00etan, Jai Alai pilotalekuan, erasotik onik atera zirenak omentzeko.
15:45ean, kanpai eta sirenen hotsa
15:45ean, sirenak eta kanpaiak berriz joko dituzte herrian, biztanleriaren aurkako bonbardaketa faxista gogora ekartzeko, hilerrian lore eskaintza egin baino lehen. Gainera, argizariekin Gernikatik ibilbidea egingo dute isilean.
Asteazkenean programak ez du etenik izango. 09:00etan 'Gernika 85 urte: memoria historikoaren babesa' historiagileen biltzarra inauguratuko dute. Ondoren, Astrako babesleku antiaereoa bisitatuko dute.
Azkenik, erasoaren berri munduari eman zio kazetariari, George Steer Erresuma Batuko berriemaileari, omenaldia egingo diote.