Itxi

ETEei laguntzak

28 milioi euro, oinarri teknologiko eta/edo berritzailea duten ETEen sorrera eta garapena bultzatzeko

O. P. | EITB Media

Leer en Castellano

Gobernu Kontseiluak "Gauzatu Industria" programa onartu du, ekonomia suspertu eta enplegua berreskuratzea helburu duen kreditu itzulgarrien programa. Eskabideak ekainaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Arantxa Tapia, gaur, prentsaurrean. EITB

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Gauzatu Industria programa aurkeztu du gaur, 28 milioi euroko kreditu-programa, oinarri teknologiko edo berritzailea duten enpresa txiki eta ertainak (ETE) sortzea eta garatzea sustatzeko. Itzuli beharreko kredituak dira, ez laguntza programak, sailburuak argitu duenez, eta "interes tasarik gabekoak eta epe luzekoak" dira.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen programa hau 2020-2024 Gobernu Programaren konpromisoekin lerrokaturik dago, eta, zehazki, "ekonomia suspertzeko eta enpleguaren aldeko" lehentasunezko jarduera ardatzari erantzuten dio. Inbertsioa sustatzea, enplegua sortzea eta dagoen enplegua mantentzea du helburu programak.

Sailburuak azpimarratu duenez, "Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko konpromisoa hartuta du, eta, bereziki, horiei finantzaketa eskuratzen laguntzekoa. Eta faktore bakarra ez den arren, baldintzatzaile bat da ETEak hazteko eta lehiakortasuna hobetzeko eta teknologia-oinarria duten edo berritzaileak diren proiektuak abian jartzeko".

Enpresa onuradunek, baina, baldintza hauek bete behar dituzte: erauzketa-industriakoak, eraldatzaileak, produktiboak eta horiei lotutako zerbitzuetakoak izatea eta oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea izatea, baita jarduera nagusia industria-enpresetan (Zibersegurtasun Euskal Zentroa – BCSCren zibersegurtasuneko katalogoan erregistratutakoak) IT/OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako zibererasoen aurrean babesteko sistemak bateratzea eta integratzea duten enpresak izatea ere.

Eskabideak aurkezteko epea agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 08:00etan, eta 2022ko ekainaren 17an amaituko da, 12:00etan.

Albisteak (1)