Krisia, Aralarren
Aralarrek alderditik bota ditu Ezenarro, Basabe eta Erostarbe
Erredakzioa
Baja eman diete, eta karguak alderdiaren esku uzteko eskatu. Aralarren ustez, hiru parlamentariek ''nahita eta beren borondatez kokatu dute euren burua alderditik kanpo''.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aralar alderdiko zuzendaritzak baja eman die Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe parlamentariei, Donostian bildutako batzordeak ohar batean jakinarazi duenez.
Erabaki horren ondorioz, Aralarrek Legebiltzarrean dituen lau parlamentarietatik hiru alderditik kanpo geratu dira.
Gatazkaren abiapuntua Aintzane Ezenarrok bultzatutako Eusko Legebiltzarreko bakegintza eta elkarbizitzarako lantaldearen sorrera izan zen. Aralarreko zuzendaritzak lantalde hori baztertu zuen, ezker abertzalea bertan ez zegoelako. Hala ere, Aintzane Ezenarrok, Oxel Erostarbek eta Mikel Basabek lantaldearen eraketa babestu zuten.
Alderdiaren zuzendaritzak espedientea ireki zien, eta egoera Berme Batzordearen esku jarri zuen. Astelehen honetan eman du batzorde horrek bere erabakiaren berri, eta hiru parlamentarien jarrera ''oso larria'' izan dela ebatzi du, ''biltzarretan hartutako erabakiak bete ez dituztelako''.
Aralarreko zuzendaritzako kideek uste dute Berme Batzordearen ebazpenak aurretik zuzendaritzak hartutako erabakiak berretsi dituela. Ohar horretan azaldu dutenez, hiru parlamentariek ''nahita eta beren borondatez kokatu dute euren burua alderditik kanpo'', eta Ezenarrok, Basabek eta Erostarbek azken aldian jendaurrean izandako jarrerek uste hori ''berretsi'' egiten dute.
Hori dela-eta, hiru parlamentariei alderdian ''baja eman'' diete, ohar horretan azaldu dutenez. Gainera, bere karguak (Eusko Legebiltzarreko bozeramaile kargua barne) Aralarren esku uztea eskatu diete.