Frantziako hauteskundeak
Melénchonek iluntzerako itxi nahi du bere ezkerreko frontea
Agentziak | EITB MEDIA
Bere asmoak iragarri eta gutxira, joan den ostiralean negoziazioak eten zituzten sozialistek berriro negoziatzen hasteko interesa agertu dute.
Ekainaren erdialdean izango diren hauteskunde legegileetarako ezkerreko fronte bat osatu nahi du Jean-Luc Mélenchon Frantzia Intsumisoko liderrak. Bere asmoak iragarri eta gutxira, joan den ostiralean negoziazioak eten zituzten sozialistek berriro negoziatzen hasteko interesa agertu dute.
"Ezkerreko frontea lortzeko milimetrora gaude, aurrerapenak lortu ditugu, eta gaur amaitzen ez badute, ez dute inoiz amaituko. Hauteskunde legegileetarako bost aste falta dira", esan du Mélenchonek, ehunka militanteren aurrean, Parisko Errepublika plazatik, maiatzaren leheneko desfilea hasi baino minutu batzuk lehenago.
Mélenchon hirugarren geratu zen Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, botoen % 22 eskuratuta, eta Alderdi Sozialistarekin, Berdeekin eta komunistekin negoziatu zuen hautagaitza bateratua osatzeko akordioa. Horren helburua da Frantziako Biltzar Nazionalerako diputatu kopuru handia lortzea Emmanuel Macron presidentearen botereari aurre egiteko.
Buruzagi ezkertiarrak lehen ministro izan nahi du, eta, horretarako, gainerako alderdi ezkertiarrek jarritako baldintza guztiak onartu dituela eta talde parlamentario propioa bermatuko diela azaldu du gaurko agerraldian. Eskaintza eskuzabala dela uste du, aurreko hauteskundeetako botoen portzentajeak kontutan hartuta; Frantzia Intsumisoak botoen % 22 lortu zuen, Berdeek % 4,7, komunistek % 2,3 eta Alderdi Sozialistak % 1,7.
Halaber, ziurtatu du datozen bost urteetan bere programan ez dela egongo Europar Batasunetik ateratzeko asmorik, baina ohartarazi du Frantziak "desobedituko" dituela "Frantziako herriak erabakitakoari" kontra egiten dioten Europako arau eta itunak.
Hitzaldia eman eta gutxira, Olivier Faure sozialisten idazkari nagusiak iragarri du gaur gauean ekingo diela berriro negoziazioei. Berdeekin akordioa oso litekeena da, buruzagien arabera. Komunistak dira orain oztoporik handiena, "mahaitik erretiratu baitira", Mélenchonek berak deitoratu duenez.