Nafarroa
PSNk, Geroa Baik eta Podemosek eskuin muturreko biktimen legea aldatzeko proposamena erregistratu dute
agentziak | eitb media
Foru Gobernua osatzen duten alderdien proposamenaren helburua terrorismoaren biktimek jasotzen dituzten kalte-ordainekin parekatzea da. Navarra Sumak kontrako botoa emango duela iragarri du jada.
Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdien, hots, PSN, Geroa Bai eta Podemosen, talde parlamentarioek foru lege proposamena aurkeztu dute, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako ekintzen biktimak aintzatetsi eta konpontzeari buruzko 16/2019 Foru Legea aldatzeko.
Aldaketaren helburua terrorismoaren biktimek jasotzen dituzten laguntzekin parekatzea da. Ekimenak 250.000 eurotan ezartzen ditu heriotzagatik jasotako kalte-ordainak, 500.000 eurotan baliaezintasun handiagatik, 180.000 eurotan ezintasun iraunkor absolutuagatik, 100.000 ezintasun iraunkor osoagatik eta 75.000 ezintasun iraunkor partzialagatik. Kopurua handiagoa izan liteke gertakarien orduan adin txikikoak izanez gero.
Hiru taldeetako ordezkariek Bozeramaleen eta Mahaiaren Batzordearen bileraren ostean adierazi duenez, "legea aldatzea beharrezkoa da biktimak aintzat hartzen jarraitzeko bidean".
Ramon Alzorriz PSNren bozeramalearen esanetan, Gobernuak aurreko legealdiko legea garatu du, nahiz eta kontra bozkatu, eta aldatzeko konpromisoa hartu du.
Bestalde, Uxue Barkos Geroa Baiko ordezkariaren arabera, aurreko legealdian onartutako lege bat eguneratzea da helburua, aldaketak beharrezkoak baititu.
Mikel Buil Podemoseko bozeramalearen iritzian, lege proposamena beharrezkoa da "arrazoi politikoengatik indarkeria jasan duten pertsonentzako kalte ordainak ezartzeko, eta kalte psikiko eta psikologikoengatik kalte ordainak jaso ahal izango dituzten biktima talde ezberdinen arteko babesa berdintzeko".
Era berean, legearen aldaketak EH Bilduren babesa ere izatea espero da, Bakartxo Ruiz bozeramaleak esan baitu beharrezkoa dela: "Asko dago egiteko, esaterako, torturaren biktimak aintzat hartzeko, eta guk Elkarbizitza Planean argi utzi dugun zerbait da".
Navarra Sumaren aldetik, Javier Esparzak argi utzi du ez dela "gure legea, aurka bozkatu genuen, eta ez dugu lege horretan parte hartzen", arrazoiak azaldu ez baditu ere.