Espioitza politikoa
Mundu osoko agintari politikoak, kazetariak eta ekintzaileak, Pegasusen jomugan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2021ean publikatutako ikerketa baten arabera, munduko gobernu guztiek erabili dute Pegasus programa buruzagi politikoak, kazetariak edota giza eskubideen aldeko ekintzaileak zelatatzeko.
Pegasus espioitzarako software da. Sakelako telefonoetan instalatzen da eta, erabiltzailea ohartu gabe, aparatu horretan dagoen informazio guztia bereganatzen du. NSO Technologies enpresa israeldarrak sortu zuen eta gobernu eta inteligentzia zerbitzuei soilik saltzen zaie.
2021ean, Frobidden Stories erakunde frantziarrak eta Amnistia Internazionalak elkarlanean egindako ikerketa batek erakutsi zuen munduko gobernu guztiek erabili zutela programa hori ekintzaileak, kazetariak eta agintari politikoak zelatatzeko.
Informazio horrek hautsak harrotu zituen eta soka luzea ekarri zuen, baina susmopean zeuden gobernu denek ukatu egin zuten Pegasus erabili izana.
Lan horren arabera, 50.000 pertsona baino gehiago izan dira Pegasusen biktima, tartean ustelkeria kasuak eta giza-eskubideen urraketak ikertzen ari ziren 180 kazetari.
Agintari politikoen artean, Emmanuel Macron zelatatu zutela zabaldu zuten eta espioitza kasu horren atzean Marokoko erregimena zegoela zehaztu zuten.
Frantziako Gobernuak eta Justiziak ikerketa bat abiatu zuten Macron zelatatuta izan ote zen egiaztatzeko. Bitartean, Marokok ukatu egin zuen eskandalu horrekin inolako loturarik zuenik.
Joan den astean, The New Yorker astekariak jakinarazi zuen Kataluniako eta Euskal Herriko 60 bat politikari independentista zelatatu dituztela Pegasus programaren bidez. Pertsona horien artean daude, besteak beste, Arnaldo Otegi, Pere Aragones, Quim Torra eta Artur Mas.
Halaber, astelehen honetan iragarri dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Margarita Robles Defentsa ministroaren mugikorrak ere zelatatu dituztela.