Itxi

Eusko Alkartasuna

Epaitegi batek barne-hauteskundeak errepikatzeko eskatu eta EAko zuzendaritzari "auzi-ihesa" egotzi dio

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

EAko zuzendaritzak gogorarazi duenez, Maiorga Ramirezek "Idazkaritza Nagusira aurkezteko aukera" izan zuen otsailaren 19an eta 20an egindako azken Kongresu Nazionalean, eta elkartzeko eskubidea erabiltzeari "uko egin" zion.

Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta Maiorga Ramirez, biak sektore kritikoko kideak. Argazkia: EFE

Gasteizko lehen auzialdiko epaitegi batek ebazpena igorri du, EAko zuzendaritzari 2019ko barne-hauteskunde prozesua errepikatzeko "eginbeharra" bete dezala eskatzeko. Maiorga Ramirezen hautagaitza baliogabe utzi zuten orduan. Era berean, epaitegiak "auzi-ihesa" leporatu die Eusko Alkartasunako buruzagiei.

2021eko uztailaren 21ean Arabako Lurralde Auzitegiak plazaratutako sententziaren aurkako idatzia aurkeztu zuen EAko zuzendaritzak, baina Gasteizko epaitegiak atzera bota du; eta ez dago helegitea aurkezteko aukerarik.

Ebazpen hartan, lehen auzialdiko epaitegiak orain gogora ekarri duenez, Eusko Alkartasunako zuzendaritzak Maiorga Ramirez sektore kritikoaren orduko buruzagiaren elkartzeko eskubidea "urratu" zuela ebatzi zuten.

Aitzitik, EAko zuzendaritzak gogorarazi duenez, Maiorga Ramirezek "Idazkaritza Nagusira aurkezteko aukera" izan zuen 2022ko otsailaren 19an eta 20an egindako azken Kongresu Nazionalean, eta elkartzeko eskubidea erabiltzeari "uko egin" zion.

Gainera, Idazkaritza Nagusia aukeratzeko prozedura defendatu du sektore ofizialak, konpromisarioen bidez egindako Kongresuan: "Funtzionamendu demokratikoaren exigentzia errespetatzen du, eta Arabako Lurralde Auzitegiak sententzian azaldutako oinarrietan tokia du".

Otsaileko biltzarra Arabako Lurralde Auzitegiak erabaki baino lehen deitu zutela azpimarratu du EAko zuzendaritzak; beraz, "Eusko Alkartasunak epaia baztertu, saihestu edo auzi-ihesa egin nahi izatea guztiz ezinezkoa da".

Sektore ofizialaren hitzetan, "otsailaren 19ko eta 20ko Kongresu Nazionala indarrean dago, baita alderdiko araudia, organoak eta kargudunak ere".

Eusko Alkartasunako sektore kritikoak adierazi duenez, alderdiko zuzendaritzaren "amarru juridikoen kontra, barne-hauteskundeetan Maiorga Ramirezen eskubideak" urratu zituztela berriro ebatzi du Justiziak.

Gainera, kritikoen ahotan, alderdi barruan "ariketa demokratikoa eragozteko Zuzendaritza Nazionalaren estrategia pikutara bidali du" ebazpenak.