Itxi

Iruñean

PAI programaren legearen aurka manifestatzera deitu du Kontseiluak gaurko

EITB Media

Herritar guztien hizkuntza-eskubideen aldeko martxa deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak, "Herritarrak ez gutxietsi" lelopean". Horren iritzian, PSNk eta Navarra Sumak adostutako ituna "zitala" da, euskararen kalterako, ingelesa erdigunean jartzen baitu.

Kontseiluaren agerraldia, Iruñean, manifestazioaren aurkezpenean.

PAIko irakasleak egonkortu eta ingelesezko ikaskuntza-ereduan aurrera egiteko helburuz, PSNk eta Navarra Sumak hitzartutako akordioa salatzeko eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak defendatzeko manifestazioa deitu du Iruñean gaurko Euskalgintzaren Kontseiluak.

Erakundeak salatu duenez, "egungo hezkuntza-ereduak ukatu egiten die milaka haur eta gazteri euskara ezagutzeko eskubidea", eta "zitala" iruditzen zaio ingelesa jakiteko balizko eskubidea erdigunean jartzea. Martxa 17:30ean abiatuko da, Iruñeko Antiniutti Parketik, "Herritarrak ez gutxietsi" lelopean.

Nafarroako Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzeko hartutako erabakiari buruz Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez, "oso larria iruditu zaigu. Hain zuzen ere, Nafarroako berezko hizkuntza ezagutzeko herritarren eskubidea bermatzeari begira botere publikoek betebehar zehatza dute, gaur egun Nafarroako Gobernuak betetzen ez duena".

"Hori nafarren arteko berdintasunaren aurkako kolpea da. Izan ere, egungo hezkuntza-ereduak milaka haur eta gazteri ukatzen dio euskara ezagutzeko eskubidea, eta euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten ditu. Horren aurrean, ingelesa ezagutzeko balizko eskubidea erdigunean jartzea zitala da. Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete", gaineratu du.

"Alderdi politikoei ere eskaera zuzena egin nahi diegu: desadostasunaren aitzakia ezin da erabili horrelako erabakiak onartzeko" esan du, eta zer gaineratu: "Euskara eta euskal hiztunen komunitatea desagerrarazteko erabakiek legebiltzarraren babesa izateak ez du esan nahi erabaki demokratikoak direnik".

 

 

 

 

 

 

 

Pamplona

Albisteak (2)