PARLAMENTO EN LAS ONDAS
Espioitza kasuak ikertzeko eskatu diote euskal alderdiek Espainiako Gobernuari
A.G. | T.S.J. | EITB MEDIA
PSEk, berriz, ikerketarekiko "pazientzia eta zuhurtzia" eskatu ditu. Alderdi guztiek, PP-CS salbu, krisi hori gainditzeko beharra azpimarratu dute, Espainiako Gobernuaren egonkortasuna bermatze aldera.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Pegasus softwareren bidez egindako espioitza kasuen auziaren inguruan mintzatu dira euskal alderdian Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" irratsaioan. Ikertzeko beharra azpimarratu dute aho batez.
Aitor Urrutia jeltzaleak adierazi duenez, "dokumentuak desklasifikatzeko ikerketa batzorde irekia sortu behar dute". Urrutiaren esanetan, buruzagi independentistei egindako espioitzaz aparte, "Estatuaren segurtasunean akats" garrantzitsu atzeman dira.
Ion Hernandezek (Elkarrekin Podemos-IU) uste du "zalantza guztiak argitu" behar direla. Funtsezkoa da, haren esanetan, "hauteskundeen aurrerapena saihestea" eta hori lehentasuna da haientzako, Espainiako Gobernuko inbestidura-bazkide diren neurrian.
Bestalde, "etsaia aztertzeko eta abantaila lortzeko asmoz, helburu politikoko entzuteak" egin izana leporatu dio Iker Casanovak (EH Bildu) Espainiako Gobernuari.
Akusazio hori errefusatu du Gloria Sanchez sozialistak. Zehaztu duenez, "delituak saihesteko" entzuteak izan dira, eta ikerketarekiko "pazientzia eta zuhurtzia" eskatu ditu.
PP-CS koalizioak, berriz, "azalpenak" eta "batzordeetan ez ezkutatzeko" eskatu dio Pedro Sanchez presidenteari.