elkarrizketa Egun on euskadin
Garrido: "Laguntzen sistemak eta Lanbidek gabeziak ditu, eta neurriak hartu behar dira"
Iker Gonzalez | eitb media
Bestalde, adierazi du Madrilen zergak kasu askotan baxuagoak direla, eta hemen Kontzertu Ekonomikoaren bidez zergak jaitsi beharko liratekeela.
Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusi eta legebiltzarkidearen esanetan, gaur Jaurlaritzak Gobernu Bileran onartu duen Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege asmoa dela eta, "laguntzen sistemak eta Lanbidek gabeziak ditu, eta neurriak hartu behar dira".
Garridok 'Egun On Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean gaur, asteartea, adierazi duenez, "beharrekoa zen proiektu-lege hau; berandu dator, aurreko legealdiko konpromisoa zen, eta ez zen heldu". Alabaina, Lanbiden dauden "gabeziak" salatu ditu, "momentu honetan laguntza bat jasotzen duten pertsonek benetako aukerak izateko, eta lan merkatuan sartzeko, hori izan behar da helburua".
"Gehiegikeriak egon badaude, orain dela gutxi ezagutu genuen Bilbon beste kasu bat. Sistema justua izan behar da eta horrek esan nahi du laguntza behar dutenek egon behar dutela, eta enpleguak bilatu, baina eta gehiegikeriak egin dituztenek ezin dute egon, ikuskaritza sistema bat egon behar da", azaldu du.
Babes sistemaren inguruan, Euskadiko PPren idazkari nagusiak esan du komenigarria litzatekela Jaurlaritzak azaltzea "zer nahi duen, akordioa zabaldu nahi izatea ondo dago, baina zehaztu behar du EH Bildurekin, Podemosekin edo Alderdi Popularrarekin. Gure posizioak ezberdinak dira, eta Jaurlaritzak zehaztu behar du akordio zabaldu nahi badu norekin egin nahi duen".
Garrido Isabel Diaz Ayusok Araban hainbat enpresarirekin egindako topaketaz ere mintzatu da: "Ekitaldia bukatu zenean enpresariekin egon nintzen eta oso pozik zeuden Ayusok egindako diskurtsoarekin, berak ez zuen Kontzertu Ekonomikoaren aurka egin. Madrileko zergak tarte askotan ez dira horren handiak (hemen bezain beste). Hemen ez da ulertzen halako proposamen bat mahai-gainean jartzen denean EAJk eta Urkulluk biktimismoa egitea". Horrekin lotuta Kontzertu Ekonomikoa zergak murrizteko proposamena egin du.