ESPIOITZA POLITIKOA
Sanchezek maiatzaren 25eko astean egingo du agerraldia Pegasusi buruz hitz egiteko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Egun zehatza ixteko dago oraindik, baina maiatzaren 25ean edo 26an izango da. Talde parlamentario gehienen presioaren ondorioz eman beharko ditu Espainiako Gobernuko presidenteak espioitzari buruzko azalpenak Kongresuan.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egingo du Kongresuan, maiatzaren 25eko astean egingo den osoko bilkuran Pegasus ziberespioitza programaren bidez espioitza politikoak eragindako polemikaren berri emateko. Eskaera alderdi independentistek egin zuten eta PPk, Ciudadanosek eta Voxek babestu zuten.
Hala adierazi du Hector Gomez PSOEk Behe Ganberan duen bozeramaileak prentsaurreko batean. Ikerketa batzordea ez zen aurrera atera, baina Bozeramaileen Batzordeak – PSOE eta Unidas Podemos ez beste alderdi guztien babesarekin – Pegasus auzia aztertzeko Gobernuko presidentearen ezohiko agerraldia onartu zuen joan den asteartean.
Hala ere, oraindik ez dute zehaztu data zehatza. Paz Esteban CNIko zuzendaria kargutik kentzea erabaki duten egunean eman du Gomezek agerraldiaren berri.