Espioitza politikoa
Espioitza kasuak ikertzeko lantalde bat Espainiara bidaltzea aztertzen ari da Europako Parlamentua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Dagoeneko baieztatu dute parlamentariz osatutako lantaldeak bidaliko dituztela Israelera, Hungariara eta Poloniara. Pegasus programa Israeleko enpresa batek egin zuen eta Hungariak eta Poloniak aitortu zuten zelatzeko softwarea erabili zutela.
Politikariei egindako espioitza kasuak ikertzeko Espainiara lantalde bat bidaltzeko aukera aztertzen ari da Europako Parlamentua, EFE agentziak jakinarazi duenez. Pegasus programari buruzko ikerketa batzordearen baitan egin dute proposamena.
Dagoeneko baieztatu dute parlamentariz osatutako lantaldeak bidaliko dituztela Israelera, Hungariara eta Poloniara; izan ere, Pegasus programa Israelgo NSO taldeko enpresa batek egin zuen, eta Hungariak eta Poloniak aitortu zuten zelatzeko softwarea erabili zutela. Zuzenbidezko estatua urratzea egotzita, espediente bana ireki zieten bi herrialde horiei.
Halaber, gaurko bileran, Ameriketako Estatu Batuetara beste misio bat bidaltzeko aukera aztertu dute.
Espioitza politikoaren eskandaluaren ondorioz, Espainiako Gobernuak kargutik kendu du Paz Esteban CNI Inteligentzia Zentro Nazionaleko zuzendaria. Esperanza Casteleiro Defentsako estatu-idazkariak hartuko du haren tokia.