Itxi

Presoak

Igor Porturi ezarritako zigorra berrikustea baztertu du Konstituzionalak, boto bakar bategatik

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

11 magistratuetatik bostek boto partikularra iragarri dute. Gorenak aurrez emandako epaia berretsi du Konstituzionalak. Portuk bere auzia berrikustea eskatu zuen, Estrasburgoko Auzitegiak ezarri moduan torturapean lortutako deklarazio batean oinarrituta zegoela argudiatuta.

Igor Portu ospitalera eraman behar izan zuten atxiloaldian. Artxiboko argazkia: EITB Media

Auzitegi Konstituzionalak baztertu egin du Igor Portu ETAko presoari ezarritako zigorra berrikustea. Madrilgo T-4 atentatuagatik 1.040 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Porturi berari, baina horrek kasua berrikustea eskatu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia tratu txarrengatik zigortu ostean.

Auzitegiak ozta-ozta hartu du erabakia, boto bakarreko aldeagatik, eta 11 magistratuetatik bostek boto partikularra iragarri dute.

Auzitegi Gorenak eskaera hori bera ezeztatzean, 2019an, jo zuen presoak Konstituzionalera. Gorenak Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian presoei Auzitegi Nazionalean aparteko helegitea aurkezteko aukera (bere garaian ez zuten errekurritu) ukatu zien. Orduko hartan argudiatu zutenez, Porturi zein Sarasolari ezarri zizkieten zigorrak tratu txarren ondorioz lortutako testigantzetan oinarritzen ziren. Gorenak, baina, esan zuen ebazpen horrek ez duela zehazten atxilotuek emandako testigantzak tratu txar horien ondorio izan zirenik.

Gorenaren tesia berretsi du Auzitegi Konstituzionalak, baina ez du aho betez egin. Horren hitzetan, "ez dago denbora, espazio eta lotura pertsonalik Portuk eta Sarasolak pairatutako tratu txarren eta lehenaren deklarazioaren artean".

Bost magistratuk, denak aurrerakoiak, boto partikularra iragarri dute. Honakoak dira: Juan Antonio Xiol presidenteordea eta Maria Luisa Balaguer, Inmaculada Montalban, Candido Conde Pumpido eta Ramón Saez.

Albisteak (2)