Nafarroako Parlamentua
Na + eta Geroa Baik erlijioko irakasleen lanpostuak blindatzeko zuzenketa adostu dute
O. P. | EITB Media
Gainerako talde parlamentarioek aurka bozkatu dute, zuzenketa Hezkuntza arloko legeen aurka doala iritzita. "Ideologikotzat" eta "lardaskeriatzat" jo dute erabakia; izan ere, iraganean, irakastorduak murriztu dituzten irakasleek beren postuak galdu izan dituzte.
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak Navarra Sumaren eta Geroa Bairen aldeko eta gainerako taldeen (PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E) kontrako botoekin onartu du Foru Erkidegoko ikastetxe publikoetan erlijioko irakasleen lanpostuak mantentzea bermatuko duen Foru Legea. Tribunatik, irakasleek txalotu egin dute erabakia.
2022/23 ikasturtetik aurrera erlijio-klaseak LOMLOEk ezartzen duen gutxienekora murriztuko direla aurreikusten denez, arauak, sustatzaileen arabera, lanpostuak galtzea eta kontratu kopurua murriztea saihestu nahi du.
Legearen zioetan azaltzen denez, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko etapetan erlijio katolikoa ematen duten langile horiek, lan kontratu mugagabeak dituzte, eta, kasu askotan, erretiro adinetik gertu daude. Arrazoi horiek kontuan hartu behar direla azpimarratzen da, irakastorduak murriztegatik langileek ez ditzaten galdu "eskuratutako eskubideak".
Hala ere, Nafarroako Kontseiluaren txosten batek ebatzi du Navarra Sumak hasieran aurkeztutako legea ez zetorrela bat indarrean zegoen legeriarekin, baina onartzen du du Parlamentuak ahalmena duela irakasleen lanpostuen jarraipenari buruz erabakitzeko.
Hala, txosten horren ondoren, Navarra Sumak eta Geroa Baik hasierako legeari zuzenketa bat egitea hitzartu dute. Horren arabera, hezkuntza-administrazioak irakasle horien irakaskuntza-jarduera antolatzeko eskumena gauzatu ahal izango du, "egungo lanpostuei eta destinoari dagokienez".
Pedro Gonzalez Navarra Sumako parlamentariaren hitzetan, zuzenketa honekin Administrazioari "langileak birkokatzeko eta beste funtzio batzuk esleitzeko gaitasuna aitortzen zaio, betiere lanpostua, lanaldia eta ordainsaria bermatzea helburu izanik". Gonzalezen arabera, lege hori erlijioko irakasleekiko "justizia-ekintza bat" da; edonola ere, gaia lan-arloan konpondu behar zela nabarmendu du.
Ildo beretik hitz egin du Maria Solana Geroa Baiko parlamentariak. Gaitzetsi du Hezkuntza Sailaren aldetik ez dela egon "inolako negoziaziorik" kolektibo horrekin ikasgaiaren murrizketaren aurrean, eta, beraz, Parlamentuaren ahalmena erabili beste aukerarik ez dela gelditu, langile mugagabe horien egoerari irtenbidea emateko, "kolektiboaren prekarizazioa muturrera eraman beharrik izan gabe".
Jorge Aguirre PSNko parlamentariaren esanetan, lege hori "erabat ideologikoa da, eta ez dator bat legearekin". Aguirreren arabera, "irakastorduak galduko dituzten irakasleak egonkortu nahi dira; halere, egoera hori beste batzuetan ere gertatu da, filosofia irakasgaiko karga murriztu zenean, adibidez, eta orduan irakasleek galdu egin zituzten kontratuak".
Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak ere beste kolektibo horiekin bidegabekeria egiten dela aipatu du. Lege hori onartuta "lardaskeria" egiten dela azpimarratu du, eta gaineratu proposatu den zuzenketa ikusita, "irteerarik gabeko kalezuloan" daudela, bere ustez, legeak "gauza bat esaten duelako eta kontrakoa".
Ainhoa Aznarez Podemoseko parlamentariak adierazi duenez, legea errefusatuta, bere taldea "koherentea da bere postulatuekin, hezkuntza publikoa eta laikoa nahi dugu", eta "hauteskunde programan hartutako konpromisoarekin eta Nafarroako Gobernua osatzen dugun alderdiekin hartutako konpromisoarekin bat dator".
Azkenik, Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak ere errefusatu egin du legea, eta adierazi du "zentzugabekeria" dela kolektibo hori erabiltzea "batere mesederik egiten ez dion lege batekin, guztiz kontrakoa. Zailtasun handiak aurreikusten ditut", ziurtatu du.