Elkarrizketa Radio Euskadin
"Euskadik bere erakargarritasuna galdu du", Garridoren hitzetan
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Zergak jaisteko "hain tresna baliotsua" den Kontzertu Ekonomikoa baliatzeko eskatu dio Euskadiko PPren idazkari nagusiak lehendakariari. Kritikatu duenez, "Jaurlaritza autokonplazentzian, konformismoan eta biktimismoan murgilduta dago".
Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusiaren arabera, "Euskadik bere erakargarritasuna galdu du, enpresariek eurek dioten bezala", Zedarriaken txostena ahotan hartuta —14 adituk egindako txostenaren arabera, lidergoa galdu du Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE)—. "Kontua ez da jada kanpokoak etortzen ez direla, baizik eta hemengoak joan egiten direla", deitoratu du.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, PP+Cs-ko legebiltzarkidea ere badenak esan du "arreta" ematen diola EAJ "hain tresna baliotsua den Kontzertu Ekonomikoa erabiltzen ez egotea, zergak jaistea hain garrantzitsua den une honetan, enpresek lehiakorrak izan behar dutenean eta inbertsioak erakarri behar dituztenean". Salatu duenez, "Jaurlaritza herritarrei, enpresaburuei, autonomoei eta ekintzaileei bizkarra ematen ari da".
Horrela mintzatu da Garrido Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak "euskal PPa Galiziartzeko" duen asmoaz galdetu diotenean. Argitu duenez, Alderdi Popularreko presidenteak nahi duena da bere "kudeaketa eredua" zabaltzea, "nazionalistak, Vox eta Podemos neutralizatzeko gai delako, eta herritarrak erdigunean jartzen dituelako". Dena dela, azaldu du eredu horrek "erkidego bakoitzaren berezitasunak" kontuan hartzen dituela, tartean EAEko Kontzertu Ekonomikoa.
"Proaktiboagoak" izateko lehendakariak egindako deiari buruz, PPko kideak adierazi du "konfiantza eskatzeko, konfiantza sortu" behar dela, eta Jaurlaritza "autokonplazentzian, konformismoan eta biktimismoan" murgilduta dagoela erantsi du. "Autokritika behar da, hori da eskatzen diotena eta", nabarmendu du.
Azkenik, Amazonek Oiartzunen (Gipuzkoa) zabaltzekoa zuen azpiegiturari muzin egitearen erabakiaz, Garridok esan du "denok galdu" dugula. Horren hitzetan, arrazoiak aztertu beharko lirateke —ez du uste merkataritza txikiaren presioari esker izan denik—, baina ohartarazi du Jaurlaritzak "eskuduntzak" badituela, eta "ekonomiaren maial ezberdinak bateragarri egiteko" moduak badaudela.