Itxi

Epai judiziala

Juan Carlos Iglesias ETAko presoa absolbitu dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrina aplikatuta

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Auzitegi Nazionalak ez du frogatutzat jo 1991an guardia zibil ohi baten kontrako atentatuan parte hartu zuenik, eta nabarmendu du, Xabier Atristainen kasuan bezala, ez dagoela nahikoa informaziorik, sumarioko deklarazioak egin ziren baldintzen inguruan.

Juan Carlos Iglesias Chouzas, Espainiako Auzitegi Nazionalean, martxoan. EFE

Espainiako Auzitegi Nazionalak Juan Carlos Iglesias Chouzas 'Gadafi' ETAko buruzagi ohi historikoa absolbitu du 1991n Bilbon izandako guardia zibil ohi baten hilketagatik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Xabier Atristain ETAko kidea espetxetik ateratzea ekarri zuen epaia aplikatuz.

Auzitegiaren arabera, ez da frogatu Iglesias Chouzasek atentatu horretan parte hartu zuenik. 1991ko urtarrilaren 31n, Francisco Diaz de Cerio guardia zibil ohiak bost tiro jaso zituen bizkarretik, eta fiskalak 40 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen epaiketan.

Salak kontuan hartu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eman berri duen epaia, Xabier Atristainen eskubideak urratutzat jo zituena 2010ean inkomunikazio erregimenean atxilotuta zegoenean abokatu bat aukeratzen utzi ez zitzaion heinean; epai horren ondorioz, Atristain espetxetik atera zen otsailaren 17an. 

Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuek gogorarazi dute Atristain kasuan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezarritako jurisprudentziak ondorioztatu zuela izendapen askeko abokatu bati izateko eskubidea murriztu zitzaiola epaiketa aurreko eginbideetan, murrizketa horretarako arrazoi nahikorik edo pisuzkorik gabe, eta hori ez zela oinarritu kasuaren inguruabar zehatzen balorazio indibidualean, baizik eta arrazoibide orokorretan, eta legez nahitaezkoa zelako.

Atristainen kasuko doktrina hori Iglesias Chouzasen kasura hedatuta, epaileek uste dute ez dagoela jardunbideetan "nahikoa aurrekaririk sumarioko deklarazioak egin ziren baldintzen inguruan, ez eta horiek egin zirenean zeuden berme-prozesalez ere"

"Baieztatuta dago inkomunikazio erregimenean izan zirela, bai deklarazio polizialak bai judizialak, baina ez dago ez ebazpen judizialak, ez eta inkomunikazioa luzatzeko autoetan jasotako arrazoibide juridikoei buruzko aipamen nahikorik ere", gaineratu du.

Erakundeko zenbait kideri erreferentzia eginez, Auzitegiak adierazi du ez dagoela jasota zergatik egon ziren atxilotuak inkomunikatuta galdeketa judizial horietan, beraiek izendatutako konfiantzazko abokatuek defendatzeko aukerarik gabe eta haiekin komunikatzeko aukerarik gabe; izan ere, Iglesias Chouzasen aurkako akusazioak Auzitegiak aipatu kide horien adierazpenetan oinarritu ziren.

Horregatik uste du epaiketan parte hartu zuten Raul Angel Fuentes Villota, Jon Mirena San Pedro Blanco, Jesus Maria Mendinueta Flores eta Jose Manuel Fernández Perez de Nanclares lekukoen testigantzen artetik, soilik epaiketan bertan emandakoak direla kontuan har daitezkeenak, ez inkomunikazio aldian egindakoak.

Auzitegiaren ustez, gainera, akusatuak akusazioko aldeen –Fiskaltza, hildakoaren alargunaren eta defentsaren akusazio partikularra– galderei erantzuteari uko egin izanak, ez du ezertan eragiten Iglesiasen errugabetasun-presuntziorako eskubide konstituzionalean, zeinak, abiapuntu gisa, erabat jokatzen duen bere alde". 

Iglesias Chouzas zigor luzea betetzen ari da hilketa, atentatu, hondamen, terrorismo, armak eta lehergailuak gordetzeagatik, legez kanpoko atxiloketagatik eta indarkeriaz egindako lapurretagatik. 2031ko otsailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.