Itxi

PARLAMENTO EN LAS ONDAS

Alderdi politiko guztiak bat datoz Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta modernizatzeko beharrarekin

EITB MEDIA

Leer en Castellano

EAJk eta PSEk "eredu arrakastatsu" bati balioa eman diote. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, uste dute aurrerapausoak eman direla lege-aurreproiektuarekin, baina "ez nahikoak". PP-C 's-ek, aldiz, gizarte-politikak enpleguaren sorrerarekin lotzea eskatu du.

Leixuri Arrizabalaga (EAJ) bere parte-hartzean.

Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Sistemaren lege-aurreproiektuaren inguruan eztabaidatu dute legebiltzarkideek Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioan. Leixuri Arrizabalaga jeltzaleak esan du "justiziazkoa" dela "eredu arrakastatsu" horri balioa ematea. Gainera, "ezkutu sozial" horrek gizarte "bidezkoago eta kohesionatuago" bat ahalbidetu duela ziurtatu du. Hala eta guztiz ere, Arrizabalagak aitortu du gaur egungo errealitateak "eredua berrikustera" behartzen duela, hori indartzeko asmoz.

Bere gobernukide den PSEko Alberto Alonso bat dator azterketa horrekin, eta nabarmendu du kolektibo zaurgarrienek jasoko duten "zenbatekoak hobetu" egingo direla, eta lan egiteko "deia" egin die gainerako alderdiei. "Tartea" dagoela uste du, eta "ahalik eta akordiorik handiena" lortzea espero du.

Oposizioan, lege-aurreproiektuan aurrerapausoak eman direla onartu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Nerea Kortajarenak (EH Bildu) uste du lege bat onartu behar dela "etorkizunera begira", eta gogoratu du, urteetan, diru-sarrerak bermatzeko errentak (DSBE) "murrizketak" izan dituela eta laguntza horiek jasotzeko "baldintzak gogortu" direla. David Sotok (Elkarrekin Podemos-IU), bestalde, bizimodu duina egiteko "baliabiderik ez duten" herritarren zati bati buruzko hausnarketa egin du, eta legean "hobekuntzak" sartzeko lan egingo dutela ziurtatu du.

PP-C 's koalizioko Carmelo Barrio, bere aldetik, "pozik" agertu da DSBEari buruzko lege-aurreproiektu bat Legebiltzarrera eramateagatik, eta "gizarte-politikak enpleguaren sorrerarekin lotzea" eskatu du, hartzaileen arteko "kronifikazioa" saihesteko.